Gaurtik, igogailuak 01:00ak arte erabilgarri
Herriko jaietan ordutegia luzatzeak utzi duen "esperientzia positiboak" bultzatuta hartu dute erabakia, baita ere "herritarrek ondasun publiko horiek zaintzeko orduan izan duten kontzientzia".
Errenteriako Udalak jakinarazi du gaurtik (hilak 5) ordutegi berria izango dutela herriko igogailuek. Hala, 06:00etatik 01:00ak arte egongo dira erabilgarri, “herritarrei zerbitzu hobea emateko” asmoz.
Aldaketa honetarako kontuan izan dute herriko jaietan ordutegia luzatzearen “esperientzia positiboa”, baita ere “herritarrek ondasun publiko horiek zaintzeko orduan izan duten kontzientzia”. Udaleko iturriek diote hiri igogailuen aurkako “bandalismo ekintzak gutxitu” egin direla aurten, “bai herritarren kontzientziagatik, bai igogailu guztietan jarrita diren eta Udaltzaingoaren bulegoetara konektatu dauden kameren bidezko kontrolagatik”.
Herritarrei igogailuak errespetatzen jarraitzeko deia egin die udalak, “komunitateari zerbitzu garrantzitsua ematen dioten ondasun publikoak baitira”.
Egun, hamahiru igogailu daude herrian, eta aurki beste bi izango ditu, Beraun auzoan bi berri eraikitzen ari baitira. Urtero, hiru milioi bidaia inguru egiten dituzte errenteriarrek igogailuetan.