Gernika plaza "alaitasunez, musikaz eta elkartasunez" bete nahi du Juneren Hegoak elkarteak
Datorren hilaren 15ean (larunbata da) elkarteak bere egun handia ospatuko du, egun osoko egitarauarekin. Bi urteko etenaldiaren ondoren "gogotsu eta indar handiz" itzuli da elkartea.
Pandemiak azken bi urteetakoak baldintzatu baditu ere, aurten bai, Juneren Hegoak elkarteak normaltasunez ospatuko du bere egun handia. Hilaren 15ean (larunbata da) Gernika plaza “alaitasunez, musikaz eta elkartasunez” betetzera deitu dute elkartekoek eta udalak. Gaur bertan aurkeztu dute aurtengo festa handia, Maite Gartzia kultura zinegotziak, Alazne Mendikute elkarteko arduradunak, Elipsis Taldeko Gorka Lizasoetak eta The Pink Force fundazioko presidente Andoni Serranok. Alboan bi pertsonaia berezi izan dituzte ordezkariek: 501 Legioko eta Indar Arrosako tropa inperialetako soldadu bat eta R2-KT droidea.
10:30ean hasiko dute festa egun handia. Eguerdira bitarte puzgarriak, eskulanak eta aurpegi margoketak egongo dira. Plazatik aipatutako bi pertsonaia horiek ibiliko dira. The Pink Force Fundazioak ekarriko ditu. Gaixo dauden haurrei poza eta ilusioa eramatea dute helburu, ospitalean egoten dira maiz. Antolatzaileek erantsi dute haiekin “une magikoak” bizituko dituztela etxeko txikienek.
Arratsaldean berriz, 17:00etan, Elipsis Taldeak dantza erakustaldia eskainiko du. Jarraian, pandemiak hildako elkarteko kide Joxan Campanori omenaldia egingo diote. Eta eguna biribiltzeko, Oihan Vegak dantzan jarriko ditu bertaratutakoak. Egun osoan zehar Mindara, Bihotzez, Bpanspain eta Mowat Wilson Sindromearen Espainiako Elkartea izango dira plazan, informazio postuekin eta merchandising-ekin.
Mendikutek aipatu du “gogotsu eta indar handiz” itzuliko direla etenaldi luzearen ondoren. Herritar orori luzatu dio bertaratzeko gonbita. Zinegotziak bestalde, elkarteak egindako lana eskertu nahi izan du, “harro egoteko moduko” lana egiten dutela esan du.
Eguraldi txarra eginez gero, festa Koldo Mitxelena ikastetxeko patiora lekualdatuko dutela aurreratu dute antolatzaileek.
Boluntario bila
Gaurkoan emandako datuen arabera, iaz elkarteak 27 familia artatu zituen, terapiak ordaintzen eta laguntza ez ekonomikoak ematen, hala nola, laguntza asistentziala eta aholkularitza eskaintzen. 30.000 euro baino gehiago eman zituen. Egun, 50 lagun baino gehiagok osatzen dute elkartearen sarea, baina elkartekoek gaineratu dute boluntario bila ari direla, ahalik eta talde handiena osatu nahi dute. Informazio gehiago, lotura honetan eskura daiteke, edo bestela, helbide honetara idatzi daiteke.