Udal zergak eta tasak izozteko proposatu du PSE-EEk
Isaac Palencia bozeramaileak beharrezkotzat jo du herritarrei "honakoa bezalako urte hain zail batean presio fiskala ez handitzea". EH Bilduren politika "zerga eta tasak sistematikoki igotzea" dela salatu dute.
Errenteria-Oreretako PSE-EE taldeak udal zerga eta tasak izozteko proposamena egin berri du. Isaac Palencia bozeramaileak beharrezkotzat jo du herritarrei “honakoa bezalako urte hain zail batean presio fiskala ez handitzea “. Proposamen hori egiteaz gainera, egitasmo sozial, ekonomikoki, ingurumen eta kultural gehiago aurkezteko asmoa dute sozialistek, “familiak eta enpresak laguntzeko” asmoz, baina baita ere “herriaren garapen ekonomikoa sustatu eta trantsizio energetikoa bultzatzeko”.
Palenciaren arabera, udalak nabarmenki igo ditu azken urteetan udal tasa eta zergak. Gainerako udaletxeek jaisteko erabakia hartu duten bitartean, urte honetan udal gobernuak %1,5 igo duela salatu dute. “Igoera hauek alferrikakoak dira, kontuan izanik diru bilketak gora egin duela”, esan du.
Urtez urte sozialistek “lan serio eta arduratsua” egin dutela erantsi du Palenciak, herriaren egoera ikertuz hainbat mailatan eta “askotariko neurriak proposatzen”. Zentzu honetan gogoratu dute taldeak aurkeztu eta udalbatzak babestutako honako neurria: terraza jartzeko zailtasunak dituzten establezimenduentzako mahai bakoitiak jartzea, “ostalari askori kalte egiten zion anomalia hori konpontzen”.
EH Bilduren politika “zerga eta tasak sistematikoki igotzea” dela esan du azkenik, “testuingurua eta herriko familien egoera kontuan hartu gabe. Beste politika bat posible da”.