Lau kanporaketetatik bakarrean egin dute aurrera Oiarpekoek
Lau kanporaketa jokatu dituzte pilotari oiartzuarrek, eta bakarrean egin dute aurrera. Bihar eta etzi, bi partida Egian.
Oiarpeko pilotariek kanporaketei dagozkien lau partida jokatu dituzte pasa den asteburuan. Horietatik bakarrean lortu dute aurrera egitea. Oihan Etxeberria oiartzuarrak eta Beloki andoaindarrak final laurdenetarako txartela lortu dute DV Txapelketan, aise irabazita.
Etxeberriak berak Migel Soroa Memorialeko final hamaseirenak jokatu zituen Tolosan, Garcia errioxarrarekin batera. Oiartzuarrak partida txukuna egin zuen, baina lau tantora geratu eta txapelketari agur esan behar izan diote.
Gartzarongo (Nafarroa) txapelketan, lehian aritu diren Oiarpeko bikoteek porrotarekin bueltatu behar izan dute. Zabaleta eta Xabat Olaizek Markina-Xemeingo bikotearen kontra ia lan erditan geratu ziren, eta Manex Olaiz eta Leonet bi tantora geratu ziren.
Gainontzeko partidei dagokienez, beste 21 norgehiagoka jokatu dituzte. Balantzea zortzi garaipen eta hamahiru porrotekoa izan da. Emaitzak ikusteko, egin klik hemen.
Egiako txapelketa
Astean zehar jokatuko dituzte Egiako (Donostia) txapelketako kanporaketak. Bihar (asteartea) Unax Landak jokatuko du, eta etzi, Oihan Etxeberriak. Partidak, bi egunetan, 19:15ean hasiko dira.
