Hauteskundeetako programa herritarrekin batera osatu nahi du EH Bilduk
Programa "ahalik eta anitzena" osatu nahi dute. Horretarako, lau saio ireki egingo dituzte datozen hiletan, "herritar guztiei bizimodu duinak bermatzeko politikak eta proiektuak" garatu ahal izateko.
Aizpea Otaegik alkategai izateko borondatea berretsi ondoren, EH Bildu taldea udal hauteskundeetarako programa lantzen hasiko da. Herritarrekin batera osatu nahi dute programa hori, eta horretarako, hainbat saio ireki egingo dituzte herritarrekin.
Gaur eman dute saio horien berri koalizioko Bernar Lemos eta Itziar Ostolazak. “2011n hasitako proiektuari jarraipena eman nahi diogu. Herritarrekin osatu nahi dugu programa, garrantzitsua da programa hori partekatua izatea, ahalik eta osatuen eta anitzena izan dadin. Gure DNAn badago herritarrekin boterea partekatzearen nahi eta behar bat”, esan du Ostolazak.
Hiru gai nagusi izango dituzte hizpide saio horietan: bizitza duinak, herri kohesioa eta ingurune bizigarria. Lehen saioa datorren asteazkenean (hilak 9) izango da; bigarrena hilaren 23an (asteazkena); hirugarrena abenduaren 14an (asteazkena); eta azkena berriz, urtarrilaren 17an (asteartea). Guztiak Reina aretoan egingo dituzte, 18:00etan. Hauetan “ikuspegi osoagoa izango duten eta erronkei beren osotasunean erantzungo dieten proiektuak” aztertuko dituzte, “herritar guztiei bizimodu duinak bermatzeko politikak eta proiektuak” garatu ahal izateko.
Militantziatik harago, herritar orori luzatu diote saio hauetan parte hartzeko gonbita.
Otaegi, hautagaitza bakarra
Aizpea Otaegi Mitxelena izango da EH Bilduk udal hauteskundeei begira aurkeztuko duen hautagai bakarra, hala aurreratu dute gaurko agerraldian. Berriro alkate izateko borondatea eta prestutasuna agertu ondoren, oinarriek berretsi beharko dute mahai politikoak aurkeztutako hautagaitza hori. Gaur hasiko dira bozkekin, hiru egunez luzatuko dituzte.