Ondare Jardunaldiek herriko ondarea azaleratuko dute
Parrokia inguruko elementu zibilak ezagutaraziko dituzte, baita lihoa egiteko prozesua ere. Irakasleentzako saioa ere izango da.

Ondarearen Mahaiak eta Oiartzungo Udalak Ondarearen Jardunaldiak antolatu dituzte, laugarrenez. Datorren larunbatean —hilak 12— hasiko dira jardunaldiak, eta hilaren 27a izango da azkeneko ekitaldia.
Aurtengo berezitasunetako bat irakasleei zuzendutako tailerra izango da. Iosune Cousillas Kultura zinegotziak horrela azaldu du: “Irakasleei herriko ondarea erakutsi nahi diegu: non dagoen jasota, zein baliabide dituzten honen lanketa egiteko, horrela haur eta gaztetxoei transmititzeko aukera izan dezaten”.
Ekitaldi guztiak doan izango dira, baina parte hartzeko aldez aurretik izena ematea eskatu dute antolatzaileek. Horretarako, e-posta bidez idatzi beharko da.
Egitaraua
- Hilak 12, larunbata: Elementu zibilak Doneztebe elizan eta inguruan (Doneztebe plazan, 10:30ean).
- Hilak 19, larunbata: Lihoa ehuna bihurtuz, Bixen eta Estanis omenduz. Lihoaren prozesuaren erakusketa irekiera (Udaletxeko pleno aretoan, 11:00etan).
- Hilaren 19tik 27ra: Lihoaren prozesuaren erakusketa (Udaletxeko pleno aretoan, 10:00-14:00 / 16:00-20:00).
- Hilak 24, osteguna: Irakasleentzat Oiartzungo ondarearen inguruko tailerra (Udaletxeko pleno aretoan, 17:00etatik 18:30era).
- Hilak 26, larunbata: Plazatik Sutar-era, eskultura artean, paseoan… (Doneztebe plazan, 10:30ean).