[Erreportajea] Kioskoen etorkizuna, hari batean
Errenteria-Oreretako bost kioskoetako hiruk atea itxi berri dute. Pandemia susperraldi izan bazuten ere, ez zen aski izan hori lanbidea ur gainean mantentzeko. Saltokiak «berrasmatzean» jarri dute gakoa.
Errenteria-Oreretan zeuden bost kioskoetatik hiruk pertsiana bota zuten azaroa hastearekin batera. Iztietako autobus geltokian dagoena, Zumardikoa eta Morrongilleta kalekoa dira euren jarduna bukatutzat eman dutenak. Foru Plazakoa eta Niessen kanpoaldekoa dira, gaur-gaurkoz, aurrera doazen bakarrak.
Paperekoak saltzeko establezimendu horiek altxatzeko lizentziak lortu ahal izateko aski borrokatu behar izan zutela gogoratu du David Arizkuren Botellok. Morrongilletako saltokiaren jabea da hura, eta ogi bat beharrean, egunkari bat zekarren hark besapean erditu zutenean.
Gurasoen etxeko bizilagunetako bat zen, Arizkuren haur zenean, herriko prentsa banaketaren arduradun nagusia, eta harekin lanean hasi ziren, gazte-gazte, Arizkurenen anai zaharrena eta bera [hiru ziren]. «Helduenak postu bat jarri zuen Biteri kalean, eta gero ni sartu nintzen. Goizeko 04:30ean esnatu eta saltzera jaisten ginen».
Horrela urteak eman zituen, eta bizilaguna erretiratuta eta neba zaharra maisu lanetan hasita, bera izan zen aurrez aurreko salmentarekin nahiz banaketarekin jarraitu zuena.
«Nitaz gain, baziren beste saltzaile batzuk euren postua ere jartzen zutena. Bakoitzak gure salmenta puntua genuen, baina hor jartzen genuen mahaia, izkina batean, inongo erregulazio edo babesik gabe». Egoera araupetzeko beharra ikusi zuten, eta udalari haiekin negoziatzera esertzea kosta egin zitzaiela esan du. «Izugarri borrokatu behar izan genuen gure egoera erregularizatzeko».
Hala, 2007ko urtarrilaren bukaera aldera, enkantera atera zituen udalak kioskoak ezartzeko zenbait kokaleku. Kalean zuten kokapenaren arabera erabaki zuten saltzaileek gune batera edo bestera aurkeztea: «Josemi Niessenen, Pelukas Zumardian, Bixen Foru Plazan… kaltetuena ni izan nintzen».
Arizkurenek Biteri tabernaren parean jartzen zuen bere postua, eta, jakin zuenaren arabera, lur eremu hori tabernako jabeena zen, eta beraz, ezin zen bertan saltokirik eraiki. «Zonaldetik guztiz kanpo mugitu behar izan nintzen», penatu da, «Morrongilleta kalea izan nuen aukera bakarra, eta bertan hutsetik hasi behar izan nintzen aurrez aurreko salmentan. Eskerrak, handizkako banatzaile ere banintzela, eta egun ere banaizela. Horrek salbatu ninduen».
Udalak kioskoentzako lizentziak ematea «izugarri» kosta zitzaien
Paperekoen salmentan geroago murgildu zen Gotzon Kamatxo Arnaiz. Eraikuntzan gazte lanean hasitakoa da hura, eta sektorearen krisia hasi zenean erabaki zuen lanbidea uztea. «2013ko apirilaren 15ean hartu nuen kioskoa», seinalatu du zehatz. Juan Diego Ramos Pelukas-en lekukoa hartuta, Zumardiko estalpea erosi eta saltzaile hasi zen errenteriarra. «Eraikuntza utzita esan nuen, ‘zer demontre egingo dut?’, ez baitut ikasketarik».
Pandemiako gorakada: ilusio huts?
Birusak sektore nahiz bizi-alor gehienak etenarazi bazituen ere, beste gutxi batzuentzat susperraldia ekarri zuen. Prentsa saltzaile biek aitortu dute salmenten «izugarrizko gorakada» izan zela koronabirusaren garai zorrotzenetan. «Jendeak kalera atera nahi zuen, eta ogi bila irteten zirenean hortxe zeramaten aldizkari edo egunkari bat ere besapean», gogoratu du Zumardikoak.
Oasi izan zuten kioskoetakoek murrizketen garaia, aurretik hasia baitzen, era progresiboan, papereko salmenten gainbehera. Oasiak, baina, nahiko luketena baino bukaera bizkorragoa izan zuen haientzat, eta normaltasuna berrezartzearekin batera egoerak okerrera egin zuela esan dute aho batez biek: «Bueltan, salmentak ez ziren pandemia aurreko zifretara bueltatu; oraindik gehiago jaitsi ziren». Ixteko unea geroz eta hurbilago sumatzen hasi ziren hor.
Aurretik, halarik ere, emaitzak ez ziren onak, eta joera beheranzkoa zela igarrita, egoerari aurrea hartu nahi izan zion Kamatxok. Andoaingo fabrika batean hasi zen lanean etorkizunerako berme bat eduki ahal izateko, eta bikotekideak hartzen zuen, hura lantegian zegoenean, kioskoko salmenten ardura. «Proba bat egiteko hasi nintzen eta gaur egun bertan jarraitzen dut», aitortu du, «astean zehar emazteak egiten du lan kioskoan eta ni jartzen naiz bertan asteburu nahiz jaiegunetan. Ez dut jaiegunik, beraz». Orainaldian mintzatu bada ere, hilaren hasieratik ez ditu berriro ateak ireki Alamedako kioskoak.
Arizkurenek ere etorkizun iluna igarrita zion aspalditik prentsa eta aldizkarien salmentari, eta handizkako banaketan jarri zituen indarrak. Koinata izan da, azken urteetan, aurrez aurreko salmentan aritu izan dena, eta sortzaileak, berriz, banaketa izan du ardura nagusi. «Ikusten nuen egoera oso serio jartzen hasi zela», mintzatu da Morrongilletakoa, «eta pentsatu nuen beharbada banaketekin biziraun ahalko genuela; oraindik, dena den, ez dakit ziur hala izango ote den».
Beherakadaren zergatiak
Kamatxok eta Arizkurenek, biek ala biek, badute salmenten beherakada azaltzeko hipotesirik. Lehenak uste du teknologia berriek eta Internetek, oro har, kalte handia egin diotela papereko idazkien salmentari. «Berrogeialdian askok ikasi zuten mugikorren bidez-eta nola informatu, eta hortik ez dira bueltatu atzera». Horrez gain, gizartea «titularzale» bihurtzen ari dela ere uste du Zumardikoak; alegia, jendarteak lerroburuak eta albiste laburrak besterik ez dituela irakurtzen, «testu luzeak» ez dituztela nahi.
Jendeak interesa baduela uste du Morrongilletakoak; «irakurtzeko gogoa» badela. Bere teoriak isilpeko errealitate bat seinalatu du: «Tabernetan prentsa edukitzeak izugarri mindu du, eta mintzen jarraitzen du, kioskoen jarduna». Aho batez egin du bat lankideak: «Taberna batek ere ez balu egunkaririk, bikoitza salduko genuke guk».
Inguruko ostatuetara begiratuta jendeak prentsa irakurtzeko interesa baduela igarri liteke. «Hemen [Zumardiko taberna bat seinalatu du Kamatxok] goizero-goizero ilara egiten du jendeak egunkaria irakurtzeko». Kontua da, ilara hori egiten dutenek ale berbera irakurtzen dutela, norberak bana erosi eta hori irakurri beharrean.
«Hori bai», gehitu du Kamatxok, «irakurleek ilea aspaldi urdinduta dute! 50etik gorakoak direla esango dut jendea haserretu ez dadin [barrez], baina hortik beherakoek ez dute paperekorik erosten ez bada beren lehengusina edo lagunen baten argazkia argitaratu dutelako ale horretan». Bat egin du esandakoekin Arizkurenek, baina errepikatu du ilea urdindutakoek, bederen, prentsa erosten jarraituko balute, «beste hamar urte gutxienez» eman ahalko lituzketela euren salmenta postuetan.
Etorkizun iluna aspalditik zioten igarrita paperekoen salmentari
Paperekoen salmentaren beheranzko joera orokortuari pandemiak eragindako beltzuneak batu zitzaizkion, eta zaku berean sartu beharko lirateke irakurleen zahartzea, teknologia berrien informazio-fluxua, tabernen eskaintza eta beste hainbat kausa. Urak gainezka egiteko falta zen tanta TicketBAIk ekarri zuen.
«Itxierarako errematea izan zen hori», mintzatu da Kamatxo. Kioskoei agindu zieten azarotik aurrera ezarri beharko zutela sistema berria, eta diru inbertsio handia eskatzen zien horrek saltzaileei. Softwarearen mantenu soilak urtero 300 eta 600 euro arteko ordainketa eskatzen ziela esan dute, «eta horri batu beharko litzaioke ordenagailua, tiketak sortzeko makina, eta instalazio hori egiteko ordaindu beharrekoa», osatu du Morrongilletakoak.
Hari, banatzaile epigrafean sartuta dagoenez, aukera eman zioten sistema aurrerago ezartzeko, baina gainerako kioskoek, komertzioen taldean daudenez gero, azarotik hasi behar zuten Ti-cketBAIrekin funtzionatzen.
Kioskoen etorkizuna: berrasmatzea
Etorkizunagatik galdetuta, sinetsita agertu dira bi saltzaile ohiak kioskoen izaera «berrasmatu» beharko litzatekeela esatean. «Nik erabilgarritasun handia ikusten diet, oso leku estrategikoetan baitaude jarrita», hausnartu du Zumardikoak, eta ideiaren bat bota du: «Kuadrillen eguneko kamisetak saltzeko, Atlantikaldian informazio puntu izateko, negozio partikular bezala, zer dakit nik, mugikorren karkasak saltzeko…».
Udalari kioskoak erosteko aukera eskaini diote —orubea herri-lur ustiagarria bada ere, azpiegitura jabeek ordaindutakoa baita—, baina ezezkoa eman diete. «Guk hau utzi dugu paperekoak ez duelako bizirauteko ematen, baina beste edozein negozio jar daiteke kiosko batean». Kontua da ez ote dagoen jendartearen imajinarioan oso errotuta kioskoen figura aldizkari, prentsa eta tankerakoak saltzeko espazio gisa; Kamatxorena enkantera atera baitzuten hark jarduna utzi aurretik, eta inor ez zen aurkeztu.
Kioskoen aukera bakarra izaera berrasmatzea dela uste dute saltzaileek
Edozein kasutan, bi jabeek gogorarazi dute, umorez, eurenak «Wallapop, Milanuncios eta halako plataformetan» salgai daudela. Zumardikoak argi du kolore aukera asko eskaintzen dituela estalpeak: «Nork dio ezin denik bertan hanburgeseria bat jarri? Edo litxarreriak saltzeko postu bat».
TESTIGANTZAK
Errenteria-Oreretan lehen kiosko lizentziak eman zituztenean sortu zuen berea David Arizkuren Botellok. Bizi osoa eman du paper eta tinta artean. Gotzon Kamatxo Arnaizen istorioa bestelakoa da, eraikuntza munduan hasitakoa baita hura, eta geroago hartu zuen kiosko saltzaile postua. Biek bat egin dute, ordea, ixterako garaian.
Gotzon Kamatxo Arnaiz. Zumardiko kioskoko saltzailea: «Bezeroekin dudan tratua da gehien faltan botako dudana»
«Bezeroekin dudan tratua da gehien faltan botako dudana. Harreman izugarri polita egin dut askorekin. Pandemian, adibidez, bazen bizilagun bat zeinari egunero eramaten nion egunkaria, eta hura hilabete baino gehiago egon zen egunero-egunero niretzako kafesne bat jaisten atarira. Nik egunkaria ematen nion, tarte batez berriketan aritzen ginen, eta hark kafea ekartzen zidan.
Neguan, batez ere, bezero asko etortzen zitzaizkidan eta esan: ‘Tori ebakitxo bat, hotza egiten du-eta!’, edo croissant bat…
Nik, adibidez, hamar urte daramatzat arrautzarik erosi gabe, eta orain hasi beharko dut, akaso! Badut bezero bat astero-astero bere baserritik arrautzak ekartzen dizkidana, eta horregatik. Oraingoz, behintzat, igandean —itxi duenetik lehena— deitu zidan, 08:00etan gelditu ginen, eta hortxe ekarri zizkidan nire bi dozenak. Ikusiko dugu zenbat irauten duen! [barrez esan du].
Adiskidetasun oso politak egin ditut. Beste bezero batek esan zidan ezkontzekoa zela; halako ekitaldi ponposorik gabe, e! Soilik paperak sinatu, eta gutxi gehiago. Tira, bada esan zidan ea bere aitabitxia izango nintzen. Eta nik baietz, noski! Kioskoak halako harreman polita ekarri digu.
Inguruko dendetakoekin ere, noski; elkar zaindu izan dugu beti. Azken batean, eguneroko familia dira».
David Arizkuren Botello. Morrongilletako kioskoko saltzailea: «Morrongilleta kalean hutsetik hasi behar izan nuen berriro»
«Hiru anaietatik zaharrenak postua jarri zuen Biteri kalean, eta bertan lanean hasi nintzen ni ere. 04:30ean jaikitzen ginen postura, hasiera batean El Diario Vasco saltzera, eta gero hasi ginen Egin eta besteren bat ere saltzen. Nire anaia maisu hasi eta salmenta utzi zuen, eta ni gelditu nintzen negozioarekin.
Garai horretan prentsa saltzaileak gure kaleko izkinan jartzen ginen, postua muntatu eta bertan saltzen genuen. Ikaragarri kosta zitzaigun udala gurekin esertzea egoera erregularizatzeko. Azkenean, 2007an, enkantera atera zituzten hainbat kiosko lizentzia; gaur egun daudenez gain, beste postu bat jartzeko aukera zegoen Galtzarabordako kiroldegiaren ondoan, eta beste bat Kaputxinoetan. Azken horietara ez zen inor aurkeztu, eta hutsik gelditu ziren.
Lizentzia eman ziguten, kioskoak erosi genituen, eta hortxe hasi ginen funtzionatzen, denok batera: Josemi Niessenen, Pelukas Alamedan, Bixen Xenpelarren… Kaltetuena ni izan nintzen, postua Biteri tabernaren parean jartzen nuelako, baina, antza denez, lursail hori tabernakoena zen, eta bertan ezin zen eraiki. Orduan, Morrongilleta kalera mugitu beste aukerarik ez nuen izan, eta hutsetik hasi behar izan nuen berriro.
Eskerrak handizkako banatzaile ere banintzela, eta egun ere banaizela. Horrek salbatu ninduen».