200.000 euroko inbertsioa egingo du udalak. Negozio berriek, lokala aldatzen dutenek edo negozioa beste bati uzten dietenek eska dezakete laguntza.

Herriko merkatari eta ostalariei laguntzeko beste diru lerro bat abiatu du Errenteriako Udalak. Zehazki, hutsik dauden lokalak eta merkataritza guneak mobilizatzeko 200.000 euro bideratuko dituzte. “Merkataritza guneak biziberritzen laguntzeko” sortu dela azaldu du gaur Aizpea Otaegi alkateak, “haien dinamismoa zainduz eta bultzatuz”. Harekin batera Eneko del Amo zinegotzia eta herriko hainbat merkatari eta ostalari izan dira.
Batetik, “prebentziozko eta aurretiazko neurri gisa eta merkataritza transmisioa bultzatzeko” asmoz, errentagarriak diren eta etorkizuna duten lokalak eta negozioak ixtea saihesteko laguntza emango dute. Eta bestetik, negozio berriak irekitzea sustatu nahi dute, baita egun pisuetan dauden negozioak kalean dauden lokal hutsetara birkokatzea. Hala, etxebizitza gisa pentsatutako espazioak askatzeaz gainera, egun itxita dauden merkataritza lokaletan dagoeneko martxan dauden negozioak berriro irekitzea erraztu nahi dute.
Diru laguntzaren onuradunak ondorengoak izan daitezke: 2022an edo 2023an negozio berri bat abian jarri duten edo jarriko duten mikroenpresak eta norberaren konturako langileak, negozio horren ardura bere gain hartuko duen beste pertsona bati negozio bat transmititu dioten edo bere jarduera komertziala kalean bertan lokal batera birkokatu duten edo egingo dutenak.
Negozio berria eskualdatzeko eta abian jartzeko hasierako gastuak eta inbertsioak lagunduko dituzte diruz, baita hutsik dauden lokalak erosteko edo alokatzeko gastuak ere. Eskaera bakoitzeko gehienez 9.600 euro emango dituzte.
Gobernu Taldeak deialdi honen oinarrien berri eman die dagoeneko gainerako alderdiei, eta udalak aurreikusi du hilaren bukaeratik aurrera aurkeztu ahal izango direla eskaerak.