Familientzako bizikleta martxa antolatu dute, Euskaraldia girotzeko
Bihar hasiko da Euskaraldia. Oarsoaldeko Txirrindularitza Eskolak hamabi kilometroko ibilbidea prestatu du, adin guztietako pertsonetarako.
Bihar hasiko da Euskaraldia, eta abenduaren 2ra arte iraungo du. Fermiñenen ari dira izen-emateak jasotzen, eta txapak banatzen.
Horrez gain, euskararen erabilera sustatzeko ariketa soziala girotzeko, Oarsoaldeko Txirrindularitza Eskolak bizikleta martxa antolatu du.
Datorren igandean, hilak 20, izango da, eta familiei zuzendutako ibilbidea antolatu dute. 12 kilometro egingo dituzte, herriko errepideetatik zehar.
“Belarriprestok eta ahobiziok aukera berria izan dezagun lan egingo dugu elkarrekin, auzoz auzo”, iragarri dute antolakuntzakoek.
Arraguatik hasiko da bizikleta martxa, Lartzabalgo anbulatoriotik, 10:30ean. Handik Ugaldetxoko bidea hartuko dute, eta Altzibarren Karrikako bidea hartuko dute. Bertatik Ergoien auzora joango dira, eta Done Eztebe plazan bukatuko dituzte 12 kilometroak.
Ondoren, Haurtzaro Dantza Taldeak dantza emanaldia eskainiko du plazan bertan.
Euskaraldiko albiste guztiak ikusteko, sartu orrialde honetan.