"Iztietako anbulatorioko gainkargak ekintza sendo eta berehalakoak behar ditu"
Beraungo anbulatorioko murrizketekin nazkatuta, manifestazioa egingo dute berriro herritarrek. Larunbatean jarri dute hitzordua, eguerdian.
Beraungo anbulatorioko murrizketen kontra mobilizatuko dira herritarrak beste behin. Beraun, Kaputxinoak, Galtzaraborda eta Igantziko auzo elkarteek eta Duintasunak manifestazioa antolatu dute larunbaterako (hilak 17). Gaur iragarri dute etziko mobilizazioa, anbulatorio kanpoan egindako agerraldian. 12:00etan jarri dute etziko hitzordua, auzotik harago, herritar orori luzatu diote deia.
Aizpea Otaegi alkatearekin bilera izan dutela esan dute lehenik, Gotzone Sagardui sailburuarekin izandako elkarrizketaren harira. Alkatearen arabera, sailburuak dio “ez duela egoera murrizketa bat bezala ulertzen”. Horregatik, kalera ateratzeko beharra ikusi dute berriro ere.
“Lehen arretara bideratutako aurrekontua igotzea beharrezkoa da, beharrezkoak diren errekurtso humanoak jarrita kategoria guztietan. Plantillak egonkortu behar dira, murrizketekin bukatu eta formazioa bermatu”, esan dute gaurko agerraldian. “Kalitatezko asistentzia segurua” ere aldarrikatuko dutela aurreratu dute, baita anbulatorioko langileen lan baldintzak hobetzea.
“Prebentzioa eta promozioa” zutoin izango dituen lehen arreta eskatuko dute, “osasun publikoaren defentsan”. “Egoera honen aurrean ez dago mobilizazioa ez den beste biderik. Iztietako anbulatorioko gainkargak ekintza sendo eta berehalakoak behar ditu. Mobilizazioa beharrezkoa da, egoerari buelta emateko dugun erreminta baliagarri eta bakarra da”.