Kiroldegietako langileek borrokari eutsiko diote
Serviocio S.L enpresari eta udalari negoziaketak aktibatzeko exijitu diete. "Irmoki" adierazi dute udalak erantzukizuna duela gatazka honetan. "Udaletxearen azpikontratatutako langileak garenez, gure lan baldintzen erantzule ere egiten dugu".
Joan den azaroaren 25etik protestan daramate herriko kiroldegietako langileek. Ostiralero biltzen ari dira, “soldata igoera aldarrikatzeko”, udaletxe aurrean.
Kiroldegiak kudeatzen dituen Serviocio S.L. enpresako batzordeak salatu du duela bost urtetik izoztuta dutela soldata. Hil hasieran Serviocioko batzordeak bilera egin zuen enpresako ordezkaritzarekin, eta beste hobekuntzen artean, soldata igotzeko eskaera egin zuen Komiteak. Halere, enpresak negoziatzeari uko egin diola salatu dute. Enpresa aferatik “urrundu” dela erantsi dute, eta negoziaketen ardura udalarena dela argudiatu dutela diote. “Negoziazioa ukatu dute, argudiatzen baitute ez dutela Errenteriako kudeaketa eta esplotazioarekin jarraitu nahi, ez delako errentagarria”, erantsi dute.
Honi sektoreko hitzarmenaren egoera erantsi behar zaiola ere esan dute, 2013tik blokeatuta baitago. “Ondorioz langileon soldata eta lan baldintzak nabarmenki okertu dira azkeneko 10 urteetan”.
“Irmoki” adierazi dute udaletxeak erantzukizuna duela gatazka honetan. “Udaletxearen azpikontratatutako langileak garenez, gure lan baldintzen erantzule ere egiten dugu”. Horregatik gatazka honetan esku hartzeko eskaera egin diote, “langileak babestuz”.
Enpresari eta udalari negoziaketak aktibatzeko exijitu diete, “konpromisoa hartu dezatela egoera desblokeatu eta gure lan baldintzak hobetzeko”. Egoerari bira eman arte, kalera ateratzeko asmoa dute langileek.
Bihar egingo dute enegarren protesta. 12:00etan bilduko dira, udaletxe aurrean. Herritarrak haien borrokarekin bat egitera deitu dituzte.