Steinbecken 'Saguak eta gizonak', asteartean hizpide
Irakurketa Taldeak urteko azkeneko juntadizoa egingo du hilaren 20an. Urtarrilerako 'Lazunak azkazaletan' irakurriko dute.
Oiartzungo Irakurketa Taldeak datorren asteartean egingo du 2022. urteko azkeneko liburu iruzkina. John Steinbeck idazle estatubatuarraren klasiko bat izango dute aztergai: Saguak eta gizonak.
Manuel Lekuona bibliotekan elkartuko dira, 20:00etan hasita.
Lazunak azkazaletan
Asteartekoa urteko azkeneko bilera izango da, baina ez ikasturtekoa. Urtarrilaren 24rako etxeko lanak jarri dituzte: Oihana Aranaren Lazunak azkazaletan (Susa, 2021) irakurtzea.
Oiartzungo Irakurketa Taldea, urteroko zerrenda egitean, saiatzen da ahalik eta genero gehienetako liburu motak sartzen. Aranarena poesia liburua da, eta hau da Susa argitaletxeak liburua deskribatzeko egindako iruzkina:
Fikzioaren apologia batekin abiatzen da Oihana Aranaren Lazunak azkazaletan poema liburua, gogorarazten diguna ez dugula idazlearen bizitzarik irakurriko orrialdeotan, orpoetako arrakaletan zer ezkutatzen duen jakin nahi duenak jai daukala.
Jakin-minetik ari zaigun ahots bat irakurriko dugu poema hauetan, hain zuzen ere, eta erreparatuko die —sarri ironikoki— gizarteari, zeruko elementuei, harreman sozialei, habitatzen gaituzten espazioei, gorputzari.