Lezoko sortzaile gazteenek merezitako saria jaso dute
IX. OrriBakaR Literatur Lehiaketaren sari banaketa ekitaldia egin zuten ostiral iluntzean Andreone Udal Liburutegian.
OrriBakaR Literatur Lehiaketako aurtengo saridunek ostiralean jaso zituzten, eskubide osoz, zegozkien sariak. Andreone Udal Liburutegiak bederatzigarrenez antolatutako sormen sariketak, beraz, itxi du aurtengo bidea. Atal guztietako irabazleek (bi kategoria bakoitzeko) 100na euroko bonua pozik asko jaso zuten Ion Pombar Euskara eta Kultura zinegotziaren, nahiz Jesus Martiarena alkatearen eskutik. 2020an eta 2021an ez bezala, aurrez aurre jaso zituzten bonu horiek sortzaile gazteek. Bale horiekin liburuak erosteko aukera izango dute saridunek.
Andreoneko ekitaldia jendetsua izan zen. Irabazleen eta udal ordezkarien presentziaz gain, saridunen senitarteko eta lagun askok ez zuten aukera galdu aitortza jardueraren zati izateko. “Ekitaldi xume baina hunkigarria izan da, argazki saio batekin bukatu dena”, zehaztu dute Andreoneren gidariek.
Beraz, hemen ostiralean sariak jaso zituztenen koadro osoa, hau da, IX. OrriBakaR Literatur Lehiaketaren palmaresa:
- (6-7 urte) Aiert Oiartzun Campaño: Oparia: arranoa!.
- (6-7 urte) Amaiur Iturbe Lopetegi: Munduko lagunik onenak.
- (8-9 urte) Adirane Redondo Arjona: Lezoko jaiak.
- (8-9 urte) June Rolin Vazquez: Euskararen hotsa.
- (10-11 urte) Aroa Domingo Soliño: Irakaslearen misterioa.
- (10-11 urte) Haizea Esnaola Oiaga: Pertsona batetik beste batera.
- (12-13 urte) Hegoa Illarreta Beñaran: Gaur.
- (12-13 urte) Maddi Ruiz Perez: Ohe azpiko munstroa.
- (14-15 urte) Intza Pikabea Etxebeste: Arimak hiltzen diren lekua.
- (14-15 urte) Ane Jaunarena Cereijo: Adarlotuak.