Hiru zonalde egokituko dituzte, bertakoen aparkalekuak egiteko
Herritarrek udalaren bulego orokorrera jo beharko dute. Erabakia Mugikortasun Planarekin harremanetan hartu da.
Mugikortasun Planaren bidez “herritarrekin partaidetza prozesu bat egin eta hainbat kaleetako trafiko kopurua neurtu ondoren”, urtarrileko Osoko Bilkuran Lezoko hainbat kaletan aparkaldi mugatua ezartzea onetsi zen, gobernu taldearen proposamena aurrera atera zelarik. Hiru zonaldetan izango du eragina erabakiak.
Hala, hiru zonalde horiek Tomas Garbizu kalea (1. zenbakitik 20. zenbakira); Polentzarrene (Kale Nagusiko 25. zenbakiaren garajeraino), Guillermo Lazon (aparkaleku guztiak) eta Hipolito Gezala (aparkaleku guztiak) kaleak; eta Zubitxo (23 zenbakitik 37.era) eta Elias Salaberria (1. zenbakitik 14 .zenbakira) kaleak izango dira. Bertakoek aparkatzeko neurria 20:00etatik 08:00etara bitartean egongo da indarrean, eta ordutegi horren barruan baimen berezia duten autoek bakarrik aparkatu ahalko dute. Baimena txartel bidez egikarituko da, autoetan jarri beharrekoa. Horiek udaletxean jaso behar dira.
Baimena lortzeko, lau baldintza ezarri ditu udalak:
- 1. Lezon erroldatuta egotea, baita autoa ere.
- 2. Udalarekin zorrik ez izatea.
- 3. Txartela egiteko eta izapidetzeko gastuei dagokien udal tasa ordaintzea. Ordaindu beharrekoa dagokion araudi fiskalean jasota dago.
- 4. Kotxearen asegurua indarrean izatea.
Baldintzak beteta eta izapidetzea eginda, txartela iraunkorra izango da.