«Beldurra beharrezkoa da kirol honetan, adrenalina hori sentitzea»
Bederatzi urteetatik aldapa batetik bestera jauzika dabil errenteriarra. 16 urterekin munduko onenekin lehiatzen dabil scooter modalitatean. Lezon skate park erraldoia eraiki du aitarekin batera, irakasle ere bada bertan.
16 urterekin munduko onenen artean txoko bat egin duzu. Nola iritsi zara honaino hain azkar?
Nire helburua hori izan da hasieratik, onenen artean egotea, horretarako borrokatzen ari naiz. Nire helburua kirol honetatik bizitzea da, nire bizitza erabat lotuta baitago scooterrarekin. Lau-bost urterekin hasi nintzen muturreko kiroletan, skatean. Skate parkera joaten nintzen eta gaztetxoak scooterrarekin ikustean txundituta uzten ninduten. Behin probatu eta berehala engantxatu nintzen. Bederatzi urte daramatzat honetan, etengabe.
Skate park ederra egin duzue Lezon. Hutsune bat zegoen inguru honetan?
Behar bat genuen. Nahiz eta skate parkeetan ikasi daitekeen, hobetzeko beharrezkoak dira aldapa handiak, eremu handiagoak behar dira jauziak egiteko. Errotazio trukoak egiteko horrelako aldapak behar dira. Bi urtez kalean entrenatzen ibili nintzen, Lezokoa eraiki arte. Eta hemen hasi nintzenetik sekulako saltoa eman dut, asko hobetu dut. Toki honek jauzi hori emateko aukera eman dit, beharrezkoa nuen egungo mailara iristeko.
Ordu asko pasatzen dituzu bertan, beraz.
Bai. Nahi dudanean entrenatzen dut. Egun batean bi orduz ibil naiteke, eta hurrengoan sei orduz. Hobby bat da niretzat eta hori entrenamenduetarako oso lagungarria da. Eta entrenatzeaz gainera klaseak ere ematen ditut. Iaz 50 bat gaztetxo izan genituen hemen. Gero eta gazte gehiago animatzen dira kirol honetan. Egun skate parkeetan oso ohikoa da scooterrak ikustea. Scooterrak ere asko hobetu dira, eboluzio handia izan dute urte gutxitan. Hemen dudana eta nire lehena, zeharo ezberdinak dira. Kirola asko profesionalizatu da, zorionez.
Gainerako muturreko kirolekin alderatuta, zer du berezi honek?
Scooterrak truko gehiago egiteko aukera ematen dizu, ikusgarriagoak askotan. Ikaragarri gozatzen dut. Scooterraren gainean noanean dena ahazten dut, mundutik erabat deskonektatzen naiz, ihes egiteko aukera ematen dit. Eta horregatik ere ordu gehiago pasatzen ditut, pasioa denean errazagoa baita. Adrenalina hori sentitzea gustuko dut, hegan egitea [barrez]. Truko bat egin aurretik sentitzen dudan hori ikaragarri gustuko dut. Beste kirol batzuetan sentitzen ez den hori sentitzen dut scooterrarekin.
Beldurra alde batera uztea, ezinbestekoa, ezta?
Kirol hau horrelakoa da: botatzen zara edo ez zara botatzen. Beldurrak kendu behar dira. Eta beldurra kentzeko modurik onena botatzea da. Baina beldur hori beharrezkoa da. Adrenalina hori sentitzen baduzu, hori da unea. Seguru joan behar zara, baina beldur pixka batekin, oreka hori mantendu behar da.
Kirol ikusgarria da.
Lehen aldiz ikusten gaituztenean flipatu egiten dute. Backflip bat ikusgarria da, baina ez da zailena. Badira oso ikusgarriak ez diren truko batzuk, eta hauek zailagoak izaten dira. Ordu asko sartzen ditugu.
Ametsik gorena?
Munduko txapeldun izatea, argi dut hori. Horretarako buru-belarri nabil entrenatzen. Oraindik 16 urte ditut eta aurretik ibilbide luzea dator, baina nire ametsa Olinpiar Jokoetan lehiatzea ere bada. Kirola olinpikoa egiteko lanean ari dira.
Hurrengo erronka?
Urte bukaeran jokatuko den Espainiako Txapelketa irabaztea, baina orain Suitzara noa, Europako Txapelketara sailkatzeko proba jokatzera. Munduko onenak han izango dira. Oso zaila da podiumean sartzea. Gainera, onenak ni baino helduagoak dira, esperientzia gehiago dute eta hori sumatzen da. Baina dena emango dut.