Irakurketa Taldea hilaren 28an elkartuko da
Eider Rodriguezen 'Eraikuntzako materiala' eleberria izango dute hizpide hileko azkeneko asteartean egingo duten saioan.
Oiartzungo Irakurketa Taldea hilaren 28an bilduko da. HITZAren papereko edizioan data eta liburu okerra jartzen du.
Hileko azkeneko asteartean Eider Rodriguezen Eraikuntzako materiala eleberria (Susa, 2021) izango dute hizpide. Saioa 20:00etan hasiko da, Manuel Lekuona bibliotekan.
Duela gutxi gaztelerara eta katalanera itzuli dute eleberria. Honakoa da sinopsia:
Harea, zementua, karea. Zerekin taxutu absentzia? Nola zutitu ez dagoena? Zegoenean ere, maiz erortzear zena? Etxeak egiteko behar den guztia saltzen zuen aita bat. Alkoholak blaitutako aita bat. Heriotzaren atezuan abiatzen du kontakizuna liburu honetako narratzaileak.
Heltzear da, helduko da, eta hainbestetan sofatik lan handiz altxatzen ikusitako aita, kalea balantzaka zeharkatu eta bulegoaren iluntasunean gotortzen zena, hitzekin laztantzeko modu bat entseatuko du alabak. Batera eta bakarka izandakoaren memoria sortu.
Zaldiak, igerilekua, kaleko jendea, bigarren etxe izandako almazena, sua, azulejuak, soldaduskako eskutitzak, Benicassimeko apartamentua, gasolina, landareak. Aita baten puskak bildu ditu Eider Rodriguezek bere aurreneko nobelan. Denboran luzatutako gainbeheran murgildu, eta, izendatu ezin direnen aurrean, eremu laiotz bat argitu.