Ibon Oregiren bizitza eta kirol esperientziak, OarsoTriren eskutik
Zarautzen bizi den bizkaitarraren solasaldia Xera Gastrotekan izango da, 19:00etatik aurrera. Auto batek harrapatu zuelako, hanka galdu zuen Oregik.
OarsoTri Triatloi Taldeak solasaldia antolatu du gaur (hilak 22, asteazkena) arratsalderako. Ibon Oregik bere bizitza eta kirol bizipenen berri emango du, Xera Gastrotekan, 19:00etatik aurrera. Ekitaldi irekia da, edonor joan daiteke.
Bi urte pasatxo dira Zarautzen bizi den bizkaitarrak hanka bat galdu zuela, korrika entrenatzen lagun batekin batera ari zela auto batek harrapatuta. Istripua baino lehen, Ironman moduko lehietan aritzen zen Oregi, baina horren ondoren, bere bizitza eta kirola egiteko grina birbideratu behar izan zituen. Horren berri emango du gonbidatuak, Iñigo Tabernak eta Urko Etxebestek gidatuko duten solasaldian.
“Borrokalari baten historia da Oregirena. Hawaiiko Ironmanetik, surf egokituko Munduko Txapelketako podiumera. Ibilbide zaila, oztopoz beteriko bidaia Ibon Oregik bizitakoa. Ariketa fisikorik gabe ulertu ezin den bizitza, ikaslea, irakaslea, aita…”, azaldu dute OarsoTriko kideek.