Elixabete Murua da EAJren hautagaia alkatetzarako
"Ilusioz eta arduraz" hartuko duela Errenteriako alkategai izateko alderdiaren eskaera esan du EAJren zerrendaburuak.
“Ilusioz eta arduraz” hartuko duela Errenteriako alkategai izateko alderdiaren eskaera esan du EAJren zerrendaburu izango den Elixabete Muruak: “Aurreko agintaldian udalean egindako lanak ikuspegi zabala eman dit udalaren barne eta kanpo funtzionamenduaren inguruan, eta oso baliagarria izango zait EAJren hautagaitzaren buru izateko”.
Maiatzeko udal hauteskundeetara herritarren bizi kalitatea “hobetzea” helburu duen programa prestatu dutela dio alkategaiak, “udal arlo guztiak hartzen dituzten proposamen zehatz eta gauzagarriekin, etorkizuneko erronkei aurre egitea ahalbidetzen digutenak. Eraginkorrak izateko unea da”.
Politika egiteko “modu berri bat indartuko duen proiektua” garatu nahi dutela gaineratu du jeltzaleak, “gobernantza irekia eta elkarlanekoa bi eremutan: herritar erakundeak eta erakunde artekoa”. Ezinbestekoa jo du lana bi eremu horietan, “etorkizuneko proiektu bat garatzeko, udalerri integratzaileagoa eta inklusiboagoa eraikitzeko”.