Mikel Martin Conderi bihar egingo diote azken agurra
Zentolen tanatorioan izango da agur ekitaldia 13:30ean; hura amaituta, Zumardian brindisa egingo dute ekintzailearen omenez.
Mikel Martin Conde oreretarrari bihar egingo diote azken agurra Zentolen tanatorioan. Atzo zendu zen, 68 urterekin, hamaika frontetan injustiziaren kontra eta jendarte askeago baten alde bizitza osoa borrokan eman duen ekintzailea. EHGAMen sortzaileetako bat, ez du bere militantzia esparru horretara mugatu, eta injustizia bat non, han zen bera.
Ekintzaile osoa, ezinbesteko diren horietakoak, arrasto itzela uzten dutenetakoa.
Bere ibilbide oparo eta eskuzabala omenduko dute bihar, xume. Zentolen tanatorioan izango da 13:30ean hasita. Bigarren agur bat ere antolatu dute biharko zumardian—15:00ak aldera aurreikusi dute—. Azken hori, Zentolengo ekitaldia amaituta egingo dute, Martinen omenezko brindis baten bidez.
Halere, aurrerago helduko da Martinek merezi duen omenaldia antolatzaileek jakinarazi dutenez, “horren berri garaiz emango dugu”.
Hilbeila Zentolen tanatorioan izango da gaur, ostirala, 10:00etatik 13:00etara eta 16:00etatik 20:00etara, eta bihar 10:00etatik 13:30era.
Aparkalekuak mugatuak direla-eta Zentolenera ahal den neurrian oinez edo garraio publikoan joatera deitu dute .