"Gazte gehiago sartu beharko lirateke; oso lan polita da"
Zapirainek Labore Oarso komunitatea osatzen dutenen aitortza jaso du, bigarren Amalur Saria jasota. Txikitatik ari da baratzean lanean, eta egun Elikako jarduerekin uztartzen du.
Larunbatean aitortza jaso zenuen, Amalur Saria eman baitzizuten Oiartzungo udaletxean, Labore Oarsoren komunitateak aukeratuta. Zer moduz hartu zenuen?
Nire buruari esaten nion «Non nago? Zer da hau guztia? Hau guztia egin al dut nik?». Oso hunkigarria izan zen, oraindik laino batean nago. Hementxe [Elikako txabolako aterpeko mahaira zuzentzen du hatza] jakinarazi zidaten, esatera etorri zitzaizkidan, eta hor bai harrituta geratu nintzela.
Ez nuen espero, eta gainera ez nekien saria bera ere bazenik… Sorpresa hartu nuen sari bat emango zidatela esan zidatenean.
Amaren argazkiak jarri zituzten larunbateko omenaldian, eta sariarena beretzako aitortza ere izan zen, emakume baserritar bezala. Berari, eta gainontzeko baserritar guztiei.
Errenteria-Oreretako Gabiria baserrian jaio zinen [egungo Egiluze ikastetxetik gertu]. Betidanik aritu zara baserrian: baratzean, behiekin, esnea partitzen… Haur garaietan hasi zinen lanean. Nola gogoratzen duzu hura?
Gogoan dut Errenteriara joaten nintzela eskolara, eta ama esnea partitzera joaten zela. Nik pixka bat laguntzen nion, eta gero joaten nintzen eskolara.
Garai hartan 14 urterekin bukatzen zen eskola, eta han jarraitu nuen, esnea etxez etxe eramaten, baita baserriko lanetan ere.
Esnearekin batera, askotan, baratzeak ematen ziguna saltzen genuen. Hori zen nire mundua: baserria, baratzea eta animaliak. Astoarekin jaisten ginen baserritik herrira. Gero anaia zaharragoa ezkondu zen, eta berak ekarri zuen kotxea baserrira. Nik 18 urterekin gida-baimena atera nuen, eta segun eta zein lan duzun, autoa behar duzu. Edo astoarekin jarraitzen duzu, edo… [barre egin du].
«Garai batean baserriko lanak oso gogorrak ziren, eskulana zen»
Baserri lanen garapena nola ikusi duzu zu lanean hasi eta gaur egun arte, teknologiaren sartzearekin?
Nire garaian, baserrian, lurra goldatzea behiarekin egiten zen. Pixkanaka-pixkanaka sartzen joan ziren belarra mozteko segadora, traktorea… Dena poliki joan zen.
Txiki-txikia nintzenean, gogoratzen dut aita nola joaten zen segarekin belarra moztera. Pixkanaka sartu ziren makinak, baina garai batean baserriko lanak oso gogorrak ziren, eskulana zen.
Tradizioarekin hautsi egin behar zen, onerako.
Oraingoa ez da lehengo baserria. Makinaria asko dago orain. Lehen ez zegoen ez larunbatik ezta iganderik ere. Akordatzen naiz igandetan ere lan egin behar genuenean… Urtean 365 egunekoa zen baserriko lana. Zentzu horretan, asko aldatu da, hobera.
Lanaren aldetik teknologiak lagundu du, baina sektorea bera gainbeheran dago.
Dudarik ez egin. Oiartzunera ezkondu nintzen, eta baserri batean bizi naiz. Gauza aldatu da: kopuru handiak jarrita bizi daiteke; bere garaian, behi batzuek ematen zuten bizitzeko adina, baina orain ez.
Egiten duzun lana, gainera, ikusten duzu ez dela ateratzen, eta zure buruari esaten diozu «jo, hemen ari naiz larunbata eta igandean lanean, eta ez du ezertarako balio». Guretzako izan daiteke, baina horrekin bizitzeko, justu-justu.
Azkenean, jarraitzen duzu baserriarekin nire gizonari animaliak-eta gustatzen zaizkiolako. Ohitura bat jarraitzea da egiten duguna. Gaur egun jende gehiagorekin antolatu behar dira baserriko lanak, ez da lehen ziren bezalakoak.
«Produktu gehiago bagenu askoz gehiago salduko genuke, eskaera badagoelako»
Txandaka egin behar da orain, asteburu bat batek, eta hurrengoa besteak, larunbat eta igandeak gozatu ahal izateko. Beste modu batera moldatu behar da, beste mota bateko bizimodua daukagulako.
Baserrian egiten duzu lan, baina baita Elika kooperatiban ere. Nola tartekatzen dituzu bi lanak?
Goizez Elikan aritzen naiz, semearekin, eta arratsaldez baserrian, senarrarekin. Semeak etxean egiten zuen baratze pixka bat.
Nola transmititu diozu semeari baratze lanaren jakintza? Zuk erakutsi al diozu bertan lanean?
Nik erakutsi diot etxeko baratzearena egiten. Hau [Elika] beste mundu bat da, erabat ezberdina: negutegiak daude, eta berak pixkanaka ikasi du. Berak ikasi du, baina baita nik ere; beti dago ikasteko zerbait.
Nola konpontzen zarete?
Normalki, ondo. Izan ditugu batek zerbaiten alde egin eta besteak bestea, baina normalean ederki konpontzen gara biok.
Aipatu duzu nekazaritza eta abeltzaintza gainbeheran doazela. Elika eta Labore Oarso bezalako proiektuek babes bat sentiarazten laguntzen al dizue sektorean lanean ari zaretenoi?
Baietz uste dut, eta horrelako proiektu gehiago beharko lirateke. Gogoan dut Errenterian, plaza, dena baserritarrez beteta zegoela, eta orain ez dago ia inor, dena kanpotik ekartzen baita.
Horrelako proiektuak behar dira, gazte gehiago sartu beharko lirateke. Oso lan polita da. Gustatu egin behar zaizu, hori bai; niri baratzeko lanak gehiago gustatzen zaizkit baserrikoak baino. Bizia da baratzea.
«Zoragarria da baratzean dena ongi atera dela ikustea»
Nola sentitzen dituzu lurrak ematen dituen fruituak?
Niretzako biziak dira. Atzo [astelehenean; asteartean egin zen elkarrizketa] joan ginen ilar txikiak nola dauden ikustera, eta loretan hasi zirela ikusi genuen. Poza da prozesua ikustea: landatu, loretan egon, gero bildu… Zoragarria da dena ongi ateratzen ari dela ikustea. Denak ez dira ongi ateratzen, eta barruan ematen dizu zerbait… Eta jende gaztea hemen lan egiten ikustea ere zoragarria da.
Nola hasi zineten Elikan?
Hasi ginenean oso zaila eta gogorra izan zen, dena zelaia zelako —belardi normal bat— eta gauza asko ez genekizkielako. Pixkanaka-pixkanaka hona iritsi gara, eta pozgarria da ikustea hau dena aurrera joan dela. Hori bai, gauza asko ditugu hobetzeko.
Harreman zuzena duzue bezeroarekin. Jende asko etortzen al zaizue? Erakusleiho polita daukazue bidegorri ondoan…
Momentu honetan, negua denez, ez dauzkagu produktu asko, eta saskiak eskaintzen dizkiegu hona datozen bezeroei. Gainerakoan, bezero zoragarriak dauzkagu, eta, gainera, bidegorriaren pasaeran. Erantzun oso ona daukagu. Produktu askoz gehiago bagenitu, momentu honetan, askoz gehiago salduko genuke, eskaera badagoelako.
62 urte dituzu. Jubilatzeko asmorik, batere ez…
[Barre egin du; lankideari galdetu dio ea jubilatzeko asmorik ba ote duen. «Bat ere ez», erantzun dio]. Baserrian ez da behin ere jubilatzen, lurrari lotuta egoten gara. Eta hemen, Elikan, ikusiko dugu nola goazen, osasunak esango du. Momentuz ongi nago.
Amalur Saria, lurrarekin lotura duten emakumeak aitortzeko jaioa
Haritz Salaberria Labore Oarsoko Konplize Taldekoa da. Gogorarazi duenez, Amalur Saria lurrarekin lotuta dauden emakumeak zoriontzeko urteroko aitortza egin nahi dute. Proposamenak Labore Oarsoko bazkideei eskatzen zaizkie.
«Horrela aukeratu zen Arantxa Zapirain Oiartzabalen izena. Bizitza guztia darama baserrian edo lurrean lanean, eta iruditzen zitzaigun Laborek dituen balioak modu egokian gorpuzten zituela bere ibilbide guztiak. Ez zen inolako zalantzarik egon», esan du Salaberriak.
Saria sortzearen arrazoietako bat izan da elikadura burujabetzaren erakusleiho izatea. «Oso lotuta dago elikadura sortzeko ereduarekin, edo ingurua eta zaintza antolatzeko moduarekin… Bazkideez osatutako talde bat da, denon artean egiten dugun proiektu kolektibo bat». Emakume nekazariek balio horiek gorpuzten dituztela berretsi du Salaberriak.
Amalur Saria eman baino lehen, Amets Ladislao baserritar eta Etxaldeko kideak agroekofeminismoari buruzko hitzaldia eman zuen larunbatean. «Nahiago dut feminismo baserritarra deitu», zehaztu zuen.
Abiapuntua izan zen feminismoarekin puntu komuna dutela argi uztea: «Ekonomia feministak dio dirua zentrotik atera behar dela, eta bizitza bertara eraman. Diskurtso propioa eraiki dugu, arazo berberak ditugunon artean, eta iritsi gara ondorio batera: gutxiago ekoitzi eta ingurunea zaindu behar dugula».
Bizitza «erdigunean» jartzea sektorea salbatzeko «itxaropen bakarra» dela uste du Ladislaok, multinazionalek elikadura sintetikoa sortuko baitute etorkizunean. «Eredu txiki eta agrokoloegikoa da bidea, ez intentsiboa —nekazari horiek ere itota daude—, eta trantsizio baten beharra dagoela ikusten dugu».
Ladislaok aitortu zuenez, baserriaren bukolizazioaz «kokoteraino» daude, eta eraldaketa ez dela label-ekin iritsiko. Bere ustez, baserriak hirira jo behar du, eta bertako biztanleen kontsumoa izan daiteke eraldaketaren giltzetako bat.
«Eredu agroekologikoak feminitatearekin lotutako balioak ditu: enpatikoa, txikia, sentsibilitateduna, oreka bilatzen duena… Horregatik diogu sektorea feminizatu behar dela, nahiz eta badakigun gizon guztiak ez direla intentsiboan ari, eta alderantziz», gaineratu zuen. Ildo horretan, eraldaketan emakumeek «lidergoa» hartzea aldarrikatu zuen.
Lehen sektorean dagoen prekaritatea salatu zuen, eta babestuko dituzten politika publikoak eskatu zituen. «Bestela», jarraitu zuen, «elite batentzako bakarrik ekoitziko dugu. Bazterrean dagoen jendearen eskubidea da osasuntsu jatea».
Jardun produktibo eta erreproduktiboak bereizi zituen. «Batak zein besteak ordu pila sartzea behar dute, eta gertatzen dena da bati eskaintzen bazaizkio, bestea utzi behar dela». Lan erreproduktiboak «monetizatzea» eskatu diote Bizkaiko aldundiari.
Azkenik, feminismoarekin asko ikasi dutela nabarmendu zuen: «Ahalduntzea, espazio publikoa okupatzea, hiriarekin elkarlana…». Aurretik «lan handia» dagoela iragarri zuen, eta sektoreak gazteak eta emakumeak behar dituela berretsi. «Kontsumoak bultza behar du sektorea, eta denok batera lortu behar dugu administrazioa mugiaraztea».