Zuberoako maskaradetara joateko bidaia antolatu dute
Haurtzaro Ikastolak antolatu du txangoa, apirileko lehenengo astebururako. Edozein herritarrek eman dezake izena, ostiraletik aurrera.
Haurtzaro Ikastolak eta Aloze zein Sohütako ikastolek harremana duela zortzi bat urte hasi zuten. Jatorria Zazpiak Bat dinamikan du harreman horrek.
Azken urteetan, zuberotarrek Oiartzungo ihoteak bisitatzen dituzte, eta oiartzuarrak maskaradak ikustera joaten dira.
Aurten bide horretatik jarraituko dute. Bidaia antolatu dute apirileko lehenengo astebururako. Horrela, larunbatean —apirilak 1—, ikastolak eta inguruko herriak bisitatzeko aprobetxatuko dute.
Biharamunean, Larrainera joango dira, maskarada ikustera. Aurten Maule-Lextarreko gazteak dira horiek ematen ari direnak.
Izena emateko aukera
Zuberoara joateko izen-emate epea datorren ostiralean —hilak 17— hasiko da, eta astebete egongo da zabalik, hilaren 24ra arte.
Haurtzaro Ikastolako komunitateari eskainita dago txangoa, baina baita ere edozein oiartzuar edo eskualdeko biztanleri. Bi egunetan joateko edo igandeko maskaradara joateko aukera egongo dela jakinarazi dute.