Manifestazioa, Inziarteri hirugarren gradua kendu diotela salatzeko
Sarek eta Etxerat-ek mobilizazioa deitu dute ostiral arratsalderako. Juan Manuel Inziarte espetxera bueltatu da, hirugarren gradua kendu diotelako.
Juan Manuel Inziarte euskal presoari hirugarren gradua kendu diotela salatzeko manifestazioa deitu du Sarek eta Etxerat-ek. Etzi —ostirala, hilak 17— izango da, 19:00etan, Herriko Plazatik abiatuta.
Inziartek hirugarren gradua eskatu zuen, eta hilabete hasieran onartu zioten. Etxerat-ek azaldu duenez, Eusko Jaurlaritzako Justizia Sailak hilaren hasieran bi presoei hirugarren gradua jartzearen alde egin bazuen ere, Auzitegi Nazionaleko Espetxe Zaintzako Epaitegiak ontzat hartu du fiskaltzak erabaki horren kontra jarritako helegitea.
Horregatik, hirugarren gradua eten, eta espetxera bueltatu behar du preso oreretarrak. Inziartek 68 urte ditu, eta 14 urte eta erdi daramatza espetxean. Etxerat-ek gaineratu duenez, datorren urtean beteko ditu zigorraren hiru laurdenak.
Osasun arazoak ditu, gainera, presoen senideen elkarteak adierazi duenez. “Duela gutxi iktus bat izan zuen Inziartek, eta eriondo dago une honetan. Ohartarazi nahi dugu espetxera itzultzeak ez diola inolako mesederik egingo berreskuratze-prozesuari”.