8.000 laguneko giza-katea, euskara batuari gorazarre egiteko
Errenteria-Orereta eta Donostia lotuko dute 8.000 lagunek, gaur zortzi, Kilometroak-en urteko dinamikaren barruan, Orereta Ikastolak, Ikastolak Herriari eta Euskaltzaindiak antolatu dute.
Kilometroak jaialdia urte osora zabaldu dute, eta hurrengo geltokia Batasunaren bidean izena izango duen dinamika izango da. Hurrengo ostiralean —hilak 24— izango da ekitaldi jendetsu hori, eta Orereta Ikastolak, Ikastolak Herriari taldeak eta Euskaltzaindiak elkarlanean antolatu dute.
Egun osoko egitaraua izango du, eta momenturik ikusgarriena hasierakoa izango da. Izan ere, 8.226 metroko giza-katea egingo dute, 11:00etan. Errenteria-Oreretako Agirre Lehendakariaren plaza (han dago Koldo Mitxelena hizkuntzalariaren omenezko eskultura) eta Donostiako Alde Zaharreko Plaza Berria lotuko ditu. 8.000 lagunek hartuko dute parte bertan. Euskaltzaleak bertan parte hartzera animatu dituzte antolatzaileek, parte-hartzaile mugarik ez baitago. Gipuzkoako 30 ikastolatako ikasleek parte hartuko dute bertan, baina herritar orori zabalik den ekitaldi handia da.
Euskara batua aintzatetsi
Giza-katearen helburua euskara batuari gorazarre egitea da, eta hizkuntzaren estandarizazioan ekarpena egin duten hamabost lagun aipatuko dituzte. Tartean izango da Koldo Mitxelena errenteriarra (zerrenda osoa behean irakur daiteke).
Hala ere, ez da horietara mugatuko. «Euskara batua gaur errealitate bada, askoz ere pertsona gehiagori esker izan da, horietako asko anonimoak direnak. Beraz, esan dezakegu euskara batua herriak nahi izan duela, herriak sortu duela, eta herriak egin duela bere, erabileraren bidez», adierazi dute.
Gainera, euskara batuak herriari eman diona da ekitaldiak aintzatetsi nahi duena. «Euskarazko hezkuntza, komunikazioa, gizarte kohesioa edo euskal erakundeak, esaterako, ez lirateke gaur direnak izango euskara baturik ez bagenu. Euskara batuari esker gara, eta garelako dugu euskara batua», gaineratu dute.
Transmisioaren garrantzia
Ekitaldiak irudikatu nahi du ikastolek euskara batuari zor diotena, eta euskara batuak ikastolei zor dietena. Transmisioaren garrantzia nabarmentzeko, ekitaldiak ikasleak izango ditu protagonista.
“Egun ikasten ari diren gazte eta gaztetxoei euskara batuaren balioa helarazi, eta bera sortzeko testuinguru historikoa eta bere bilakaera adieraziko zaizkie”, zehatu dute.
Euskaltzaindiaren presentzia
Ekitaldi horrek ordu erdi iraungo du, eta ondoren bildutakoak bost eremutara joango dira: Errenteria-Oreretan eta Pasaian (Antxon) bana izango dira, eta Donostian, hiru. Bertan euskara batuari gorazarre egingo diotela jakinarazi dute, ekitalditxoen bitartez.
Arratsaldean, berriz, Euskaltzaindiako kideek Orereta Ikastola bisitatuko dute, (15:00etan). Egitarauarekin bukatzeko, ekitaldi instituzionala egingo dute udaletxean, 17:30ean hasita.
Horrez gain, Euskaltzaindiak herritar guztientzako dokumentua prestatu du, Euskararen Batasuna. Euskarazko hiztun elkartea trinkotzeko, bizirauteko eta garatzeko giltzarria izenekoa. Bertan, euskara batuaren sorreraren ibilbide historikoa ezaugarritzen duten gako nagusiak azaltzen ditu Euskaltzaindiak.
Dokumentu hori hemendik deskarga daiteke.
Euskara batua
-
Koldo Mitxelena
-
Resurreccion Maria Azkue
-
Pierre Broussain
-
Jose Maria Satrustegi
-
Julia Berrojalbiz
-
Xabier Kintana
-
Raimundo Olabide
-
Julene Azpeitia
-
Luis Villasante
-
Henrike Knörr
-
Arantxa Urretabizkaia
-
Arturo Campion
-
Gabriel Ares
-
Jean- Louis Davant
-
Jose Luis Alvarez Enparantza Txillardegi