"Zaldira igo eta berehala dakigu, biek, gauzak nola joango diren"
14 urte zituenetik, ez du egun bakar bat ere zaldi batera igo gabe pasatu oiartzuarrak. 1988tik lehen mailan lehiatzen aritu da, munduko onenekin orpoz orpo. Ez du erretiroa hartzeko presarik.
Oiartzungo Audele hipikan hasi zuen ibilbidea Ioritz Mendizabal Zubeldia (1974) oiartzuarrak. 14 urterekin Frantziara abiatu zen, «argi eta garbi» zuelako hori zela bere pasioa. 1990an irabazi zuen bere lehen lasterketa, eta ordutik, 3.000 garaipen baino gehiago poltsikoratu ditu, Frantziako jockey onenen artean txoko bat egin du, handia. 49 urterekin, une gozoa bizi duela aitortu du.
Hiru hamarkada baino gehiago zaldi gainean, lehen mailan lehiatzen gainera. Oso kirolari gutxik esan dezakete hori.
Zorte ona izan dut. Zaila da maila altuan lehiatzea beti, zaila da haraino iristea, baina are zailagoa da bertan mantentzea. Gorabehera dezente izan ditut, kirolari guztiek bezalaxe, baina zorionez, aurrera egin dut orain arte.
Etxetik urrun pasa duzu ia ibilbide profesional guztia, baina hemen hasi zinen, Oiartzunen.
Halaxe da. 11 urterekin hasi nintzen, Oiartzungo Audele hipikan. Etxetik nahiko gertu zegoen eta nire arreba Alaitzekin joaten nintzen. Gerora, aita eta amarekin sarritan joan nintzen Lasarteko hipodromora, eta txundituta geratzen nintzen. Ordutik argi eta garbi izan nuen hori nahi nuela egin, hori zela nire bidea. Zortea izan nuen, gurasoek kontra egin ordez, babesa eman zidatelako. Hamalau urte nituen orduan, erabakiak hartzeko unea zen. Gurasoek argi zuten ez nuela eskola utziko. Frantzian ikasketak kirolarekin uztartzeko aukera zegoela ikusi zuten. Ez zen ez nuela Euskal Herrian geratu nahi, baina hemen ez zegoen ia aukerarik. Frantziako eskola batean izan ginen, eta asko gustatu zitzaien. Eta ordutik, Frantzian izan naiz, 1988tik hain zuzen. Baina ahal dudan guztietan Oiartzunera itzultzen naiz.
Hain gazte izanik, zaila izan zen egokitzapena?
Ez zen bereziki zaila izan. 14 urterekin hizkuntza berri bat ikastea ez zen arazo handiegia izan. Zaldi gainean joateko nuen gogo horrek dena gainditzen du. Momentu zailak izan ditut, bai, baina pasioak eraman ninduen.
Kirola gehiegi ezagutzen ez dutenentzat. Zer da turf-a?
Egia da Euskal Herrian jende oso gutxik ezagutzen duela turf-a. Jendeak uler dezan, txirrindularitzako lasterketa baten antzekoa da. Pelotoi moduko batean joaten gara, beste zaldiaren atzetik, eta azken unean esprint bat egiten dugu. Iritsiera hori da giltzarria, txirrindularitzan gerta daitekeen bezala. Sentitzen dugun adrenalina hori ederra da, ikaragarri gozatzen dut kirol honekin. Lanera pozik joaten naiz egunero, zaldi baten gainean primeran sentitzen naizelako. Oso berezia baita zaldi batekin lan egitea, ederra.
Ibilbide hain luzea izanik, badakizu zenbat lasterketa egin dituzun?
Auskalo, milaka eta milaka izan dira, asko, baina denekin gogoratzen naiz. Zaldiaren izena ez, baina zaldiaren irudi bat edo egun hartan neraman jakatxoa ikusten badut, segituan datorkit burura egun hura, lasterketa hori, egun horretara noa zuzenean. Lasterketa nola joan zen edo zaldiak zein karakteristika zituen gogoratzen dut. Zaldi guztiak ezberdinak baitira, pertsonak bezala.
3.000 garaipeneko langa gainditu duzu eta Frantzian lasterketa gehien irabazi dituen hirugarrena zara.
Ez naiz zenbaki horietan pentsatzen jartzen. Eguneroko borroka bat da, egunez egun egindako lanaren fruitua. Ez dut sekula horrelako zifretan pentsatu. Kazetariek esaten didazuenean ohartzen naiz. Konturatzen zarenean oso gutxik egin dutela hori, bada pozteko zerbait. Kontent nago orain arte egindako ibilbidearekin.
Inoiz honaino helduko zinela pentsatu duzu?
Ez, sekula. Uste baino hobeto joan da dena. Ezarritako helburuak betetzen joan naiz, meta berriak izan ditut eta ditut egun.
Orain arte, ametsik bete duzu?
Bai, noski. Txikitan Donostiako Urrezko Kopa irabaztea nuen amets, eta lortu nuen. Gero, Frantziara joatean beste helburu batzuk izan ditut eta hauek ere betetzen joan naiz. Ametsak aldatzen joan dira. Baina oraindik badut amets bat, sekulakoa izango zena: Garaipenaren Arkua irabaztea.
Urriko lehen igandean izaten da. Munduko txapelketa moduko bat da, gorena. Munduko zaldi onenak eramaten dituzte hara. 2.400 metroko lasterketa bat da. Goizero amets horrekin esnatzen naiz, eta inoiz ez dakizu zaldi berri batekin zer gerta daitekeen, hori ere polita da. Inoiz ez dakizu zer pasako den eta noraino joan zaitezkeen zaldi horrekin. Zaldiak ez du hitz egiten, eta bakoitza mundu bat da, jarrera oso ezberdina dute. Goizean jarrera bat izan dezake, eta arratsaldean transformatu egiten da lasterketarako. Lasterketa egin arte ez dakizu zer gerta daitekeen. Diru gutxirekin zaldi on bat aurki dezakezu, arraroa eta zaila da, baina gerta daiteke. Faktore askok eragiten dute lasterketa batean. Orain dela gutxi zaldi txiki batek irabazi zuen Jockey Cluba, oso merke saldutakoa gainera. Irabazi ondoren, Garaipenaren Arkurako faboritoa zen. Gero ez zuen ezer egin, baina faboritoa izan zen. Kuriosoa da, horrelako istorioak tarteka izaten dira.
Munduko sari handienak irabazi dituzu. Baina, bat aukeratzekotan, zein eta zergatik?
Beti gogoan izango dut St Mark’s Basilica zaldia, ikaragarria zen. Honekin Prix du Jockey Club lasterketa irabazi nuen Chantillyko [Paris ondoan dago] hipodromoan. Orduko entrenatzailea ere ikaragarria zen, oroitzapen ederrak ditut, garaipen hori oso berezia izan zen. Baina lasterketa bat aukeratzea zaila da. Ez da erraza, denak dira bereziak, modu batean ala bestean.
Noiz arte izango dugu Ioritz zaldi baten gainean lehiatzen?
Ez dakit, egia esan. Egunero iratzargailuak jotzen duenean gauza bera pentsatzen dut. Gogorik gabe esnatzen naizen egunean utziko dut, baina orain arte ez zait hori gertatu, ez zait burutik pasa sikiera kirol hau uztea.
Gogoan duzu lehenengoz zaldi baten gainera igo zinen egun hura?
Nola ez. Lehenengo zaldia ederki gogoratzen dut, baina aurretik asto baten gainean ibili nintzen. Juanito zuen izena astoak, aitonarena zen. Lehengusuarekin batera Juanitoren gainean oso gustura ibiltzen ginen. Zazpi bat urte izango nituen. Oso txikitatik igo naiz zaldietara, betidanik maite izan ditut.
Adinak eragina du kirol honetan, edo bada adin egokiagorik?
Ezetz esango nuke. Kirol guztietan bezala, modan egon behar duzu. Forma fisiko onean egon behar duzu, lasterketak irabazten. Eta jendeari zu aukeratzeko gogoa eman behar diozu. Eguneroko borroka bat da. Adinak ez du gehiegi baldintzatzen. Egia da gaztea zarenean errazagoa dela, errazagoa dela zaldi jabeek zu aukeratzea. Futbolean ere antzekoa da. Adineko futbolari batek ez badu golik sartzen zaharra dagoela esango diote, baina golak sartzen jarraitzen badu ez dute zalantzan jarriko. Eta gaztea zarenean, golik ez baduzu sartzen, gehiago barkatuko dizute. Oztoporen bat izan dut adinagatik. Orain dela bost bat urte beherakada bat izan nuen, ez zen nire garai onena izan, baina azken boladan goraka egin dut berriro, kuriosoa da. Dena ondo doanean adinak ez du inporta.
Burua bezala, gorputza zaintzea ere funtsezkoa da, ezta?
Bai, gure lanerako garrantzitsuena hori da: pisua eta gorputza. Pisuarekin tentuz ibili behar dugu, forman egon behar dugu. Hori guztia kudeatzea zaila da. Kirol oso zorrotza da. Pentsa. 1,70 neurtzen dut eta 53 kilo eta erdi inguruko pisua behar dut. Gure pisutik hiru-lau kilo beherago gaude. Pisu gutxi behar da, baina aldi berean indarra ere, zaldi gainean mantentzeko. Finak eta arinak gara. Ez da erraza oreka hori lortzea.
Zaldia. Zer da zuretzako, zer nolako harremana sortzen da animaliaren eta jockeyaren artean?
Zaldi batzuekin besteekin baino afinitate gehiago izaten dugu, pertsonekin bezala. Haren gainean igotzen zarenean berehala dakizu gauzak ondo edo gaizki joango diren. Eta berak, zaldiak, badaki hori ere, berehala sentitzen du. Lagun oso garrantzitsua da zaldia niretzat. Eta oso berezia da bien artean sortzen den harremana. Askotan ukuiluan nagoenean eta jenderik ez dagoenean zaldiari pertsona bat balitz bezala hitz egiten diot. Harreman oso estua sortzen da, eta agian, pertsona batekin baino errazagoa izaten da harreman hori. Harreman osasuntsua sortzen da. Animalia bat da, eta honek ez du tranparik egiten, gainera. Hartu-emana oso erraza da, eta berdin du zein zaldi den, denekin harreman oso antzekoa baita.
Egunero igotzen al zara zaldira?
Egunero igotzen naiz, bai. Gaur goizean muntatzen ibili naiz eta gaur gauean [asteartean izan zen Hitza-rekin] Parisera noa, lasterketak ditudalako han. Alde batetik bestera ibiltzen naiz, eta ahal bada, noski, zaldian joaten naiz [barrez]. Oso ezberdina da lehiaketa batean ala mendi edo hondartza batean ibiltzea zaldi gainean. Askoz ere politagoa da lehiatik kanpo. Hor ez duzu lehia buruan, bien arteko hartu-emana dago, besterik ez. Momentu hori oso berezia da niretzako, gozoa.