Sei jauzi eman ditu jada Xaltok
Xalto pailazoaren 'Herrian xaltoka' egitasmoaren barruko bideoak otsailaren 10ean hasi ziren zabaltzen. Gaurtik, 'Gure iturriak' saila zabalik.
Herrian xaltoka egitasmoa abiada hartzen ari da. Herri ekimenak babestutako egitasmoak jada sei emaitza eman ditu, azkena gaur bertan: Gure iturriak saileko lehena da, eta Extanix Karrera Sarasola lezoarrari elkarrizketa egiten dio Xalto pailazoak Donibane kaleko iturrian. “Nor da Extanix Karrera Sarasola?”, horrela hasten da 20 minutuko ikus-entzunezkoa. Hemen dago osorik:
Otsailaren 10ean zabaldu zuen Xalto pailazoak Herrian xaltoka-ren lehen emaitza. Ordutik, gaur arte, beste bost bideo zintzilikatu ditu bere Youtube kanalean. Kolaboratzaile oso esanguratsuak ditu Xaltok, gainera: Lezonio Etxebeste Salaberria (ta sukaldia ere bai) Lezoko Unibertsitateko irakaslea, edo Very Nice Lezoko euskaran nazioarteko aditua tartean direla. Gainera, herritarren galderak erantzuten ditu bideoetan, eta publizitate ez ezkutua ere egiten du, Herrian xaltoka lagundu dutenak aitortzeko.
Izan ere, Herrian xaltoka-ren helburu nagusia da Lezoko kultura, ondarea eta euskara mundura zabaltzea. Gipuzkoako Foru Aldundiaren Piztu Meta! 2022 proiektuaren barruan hautatutako hamabost egitasmoetatik bat izan zen, eta horren arabera matchfunding kanpaina abiatu zen proiektua finantzatu ahal izateko. Aparteko erantzuna izan zuen diru ekarpenak jasotzeko eskaerak, eta horregatik, Herrian xaltoka jada hasi da bidea egiten. Astero ari da Xalto bideoak partekatzen.
