Eskuz esku goratuko dute euskara batua
'Batasunaren bidean' dinamika bihar egingo dute Kilometroak Jaialdiaren urteko egitarauaren barruan. 8.000 lagunek zortzi kilometro pasako giza katea egingo dute euskara batuari, haren bultzatzaileei, zein transmisioari gorazarre egiteko.
Itzela izango da Batasunaren bidean dinamika tamainari zein helburuari begira. Kilometroak 2023 Jaialdiaren barruan urte osorako antolatu duten egitarau zabalaren hurrengo geltokia izango da, eta 8.000 lagunek hartuko dute parte bertan.
Bihar helduko da euskara batuari gorazarre egitea helburu duen ekitaldia. Errenteria-Oreretako Agirre Lehendakariaren Plazan dagoen Koldo Mitxelena hizkuntzalariaren omenezko eskultura eta Donostiako alde Zaharreko Plaza berria lotuko duen giza katea egingo dute 11:00etan. 8.000 lagunek eskuz esku lotuko dituzte bi puntu horien arteko 8.226 metroak euskara batua goratzeko, baina baita haren akuilu izan ziren Koldo Mitxelena, Resurreccion Maria Azkue, Pierre Broussain, Jose Maria Satrustegi, Julia Berrojalbiz, Xabier Kintana, Raimundo Olabide, Julene Azpeitia, Luis Villasante, Henrike Knörr, Arantxa Urretabizkaia, Arturo Campion, Gabriel Ares, Jean Luis Davant eta Jose Luis Alvarez Enparantza Txillardegiri gorazarre egiteko ere.
Hortik harago, euskara batuak herriari eman diona da biharko ekitaldiaren bidez aitortu nahi dutena: “Euskara batuari esker gara eta garelako dugu euskara batua”.
Transmisioaren garrantzia nabarmentzeko ekitaldiak ikasleak izango ditu protagonista.
Orereta Ikastolak, Ikastolak Herriari eta Euskaltzaindiak elkarlanean antolatu dute biharko ekitaldi handia, eta herritar oro gonbidatu dute parte hartzera.
Egitaraua
- 10:45: Giza kateari hasiera emateko ekitaldia Agirre Lehendakariaren plazan.
- 11:00-11:30: Giza katea osatuko dute.
- 11:30: Parte hartzaileak bilguneetara mugituko dira.
- 12:00-12:30: Giza kateko bidearen bost gunetan ekitalditxoak: Errenteria-Oreretan, Pasaian, Donostiako Herrera auzoan, Zurriola Ikastolan, eta Plaza Berrin.
- 15:00: Euskaltzaindiko kideek Orereta Ikastola biistatuko dute.
- 17:30: Ekitaldi instituzionala Errenteriako Udalaren pleno aretoan.