Kirol elkarteentzako diru-laguntzak onartu dituzte plenoan
Xanistebanetako diru-laguntzak maiatzean eska daitezke. 'Trabajadoriak' omentzeko instalazioari baimenak eman dizkiote.
Oiartzungo udalbatzak plenoa egin zuen atzo arratsaldean, hamazazpi gai aztertzeko. Diru-laguntzak izan zituzten hizpide, besteak beste.
Herriko kirol elkarteen artean aurten banatu beharreko diru-laguntzak onartu zituzten. Modu horretan bideratuko dituzte:
- Oiartzun Kirol Elkartea: 30.691,69 euro.
- Oiarpe: 6.828,42 euro.
- Haurtzaro atletismo taldea: 6.502,68 euro.
- Txost: 5.289 euro.
- Hiruki: 3.209 euro.
- Saskilagunak: 1.109 euro.
- Delta kluba: 168 euro.
Bestalde, aurtengo xanistebanetarako diru-laguntzak ere erabaki zituzten. Ekitaldiak antolatu nahi dituzten elkarteei 50.000 euroko diru-partida bideratuko diete. Diru-laguntza eskatzeko epea maiatzaren 1etik 31ra bitartekoa izango da.
Administrazio prozedurak, sinpleago
Beste puntu batean, administrazio prozedurak berrikusteko, errazteko eta sinplifikatzeko udalaren prozedura-eskuliburua idazteko prozesua abiaraztea erabaki zuten.
Udalean dauden prozedura guztiak berrikusiko dituzte (ehundik gora dira), sinplifikatu, beharrezkoak ez diren trabak eta luzapenak saihestu eta herritarrentzat ulergarriagoa den idazkeran jaso eta beraien eskura jartzeko.
Herritarrei ematen den zerbitzua hobetu, haien eskaera eta tramiteak azkarrago erantzun eta gardentasuna areagotu nahi du udalak horrela.
Trabajadoriak, gogoan
Katin Txiki elkarteak eta udalak trabajadoriak omentzeko instalazioa egin nahi dute Pikokaraten, garaiko barrakoiak berreskuratuz.
Hori errealitate bilakatzeko pausoak ematen hasi dira. Horrela, udalaren jabetzako lursail bat esleitzea onartu zuten. Baldintza batzuk izango dituzte: inguruan aparkalekurik ez izatea, zuhaitzak baimenik gabe ez botatzea eta bidea egiteko lur jabe bati baimena eskatzea.
Horrez gain, bi panel jarriko dituzte, bat barrakoi zaharretan, eta bestea Gurutzeko plazan.
Gainontzekoan, bake-epaile izaten jarraituko du Pilar Iparragirrek. Horrez gain, Landetxeko tarifak onartu zituzten, baita Arraztalori sagasti bat lagatzekoa ere.