[Elkarrizketa] «Kubatarrek euskal erreferentziak izan ditzaten saiatzen ari naiz»
AEKn, Euskal Herrian, 21 urtez irakasle lanetan aritu ondoren, Kuban Habanako Unibertsitatean irakurle lanetan dabil Borja Arbelaitz, Joseba Sarrionandia idazleari lekukoa hartuta. Udan etorriko da Euskal Herrira, hilabete eta erdirako, bisitan.
Sei hilabete daramatza Borja Arbelaitz Villaquiranek (Errenteria, 1976) Kubako hiriburuan: Habanako Unibertsitateko Euskara eta Euskal Kultura Irakurletzaren arduraduna da. Etxepare Euskal Institutuak eta Habanako Unibertsitateak 2015ean hitzartutako lankidetzaren emaitza da zeregin hori. Programa akademikoaren edukia zehaztea eta irakastea da haren funtzioa, bai eta gainerako ekintzen arduradun izatea ere. Habanako euskaltzaleak aktibatzen ari da pixkanaka.
Habanako Unibertsitatean zabiltza irakurle lanetan. Nola iritsi zara haraino?
Ni neu aurkeztu nintzen deialdira. AEKn 21 urte daramatzat lanean, asko gustatzen zait nire lana, baina ulertzekoa da hogei urte asko direla, eta batzuetan gorputzak gauza berriren bat egiteko eskatzen dizula. Aspaldi, nire lankide bi joan ziren Etxeparerekin nazioartera, euskal kulturako irakurle gisa. Bata, Argentinako La Platako Unibertsitatean egon zen; eta bestea, Brnon, Txekiako Errepublikan. Iruditu zitzaidan oso esperientzia interesgarria izan zitekeela. Aukera iritsi, aurkeztu, hartu egin ninduten, eta hemen nago, Habanan.
Ez zara iritsi zaharra…
Konplikatua da nire istorioa. 2020ko urtarrilean izendatu ninduten Habanako Unibertsitateko irakurle, eta urte hartako martxorako etorri behar nuen berez hona [Habanan dela telefonoz egindako elkarrizketa da]. Pandemia iritsi zen orduan, eta dena atzeratu egin zen. Tartean, moldaketatxo bat egon zen, eta eskerrak. Adibidez, garai hartan joan zen Uruguaiko Montevideoko irakurlea Uruguaira, eta astebetera herrialdea itxi egin zuten. Ia urtebetez konfinatuta egon zen, inor ezagutu gabe. Txilekoaren kasua ere garai berekoa izan zen: lanean hasi zen, baina bisarekin arazoak izan zituen, eta denbora luzez Euskal Herritik online eskolak ematen aritu zen. Nire plaza, ordea, ez zen atera; luzatu egin zen, luzatu egin zen… eta eskolak bertan behera geratu ziren. Online eskolak ematen hasi ziren gero, baina, Euskal Herrikoarekin alderatuta, nahiko kaskarra da Kubako konexioa. Azkenean, iazko irailean hasi nintzen eskolak ematen.
Zein Kubarekin egin duzu topo?
Etorri nintzenean, kultur kolpeaz gain, oso gogorra izan zen ikustea zein zaila zen baliabide batzuk kalean topatzea: komuneko papera, jakiak… Guretzat oso oinarrizkoak eta erosteko errazak izan daitezke gauza horiek, baina hemen ez da horrela gertatzen. Kubak jasaten duen blokeoak baldintzatu egiten ditu beti materialak, eta aspalditik turismotik bizi da ia erabat. Hortik lortzen ditu dibisak, baina bi urte pasatu dituzte turistarik jaso gabe, pandemiagatik. Horrek asko baldintzatu du egoera. Dena den, poliki-poliki herrialdea berregiten ari dela uste dut.
Zerk bultzatzen du kubatar bat euskara ikasketak egitera?
Jakingo banu… Denetik dago. Munduan barrena badira diasporaren ondorengoak diren asko; horrelako asko daude Txilen, Argentinan eta Uruguain. Senideengatik eta jatorriagatik euren sustraiak bizirik mantendu nahi dituztenak dira horiek. Kuban diaspora ez da hain sendoa, baina badira euskarak eta euskal kulturak, hizkuntza exotiko edo bitxi honek arreta ematen dieten herritarrak. Badakite Europan dagoen hizkuntza indoeuropar gutxienetako bat dela, eta familiarik ez daukan hizkuntza bakarra dela. Jatorri ezezaguna izateak arreta sortzen die. Arrazoi horiengatik hasten dira batzuk ikasten.
Hautazko ikasgai bat da euskara, eta badira nire ikasgaia aukeratu dutenak; beste batzuek familia dute Euskal Herrian. Oraintxe, Kuban indar handia dauka immigrazioak. Badut familia Errenterian duen ikasle bat; ni han bizi naizen kalearen ondoan bizi da, Alde Zaharrean, eta suposatzen dut hara joatea izango dela bere patua. Unibertsitateko ikasle izan gabe euskara ikasten ari direnak ere badaude, nire eskolak jasotzeko ez baita beharrezkoa unibertsitatera joatea. Eta bada bizitzera Bilbora joan nahi duen bikote bat; Euskal Herria pixka bat gehiago ezagutu nahi dute, zerekin topo egingo duten jakin nahi dute.
Askoren ustez, Euskal Herria ezagutzeko oso garrantzitsua da euskara ezagutzea. AEKn, berriz, ikasgelako lanaz gain, garrantzitsua da kaleko lana ere. Lanketa hori egiten duzu Habanan ere?
Zaila da. Hein batean, mundu arrotz batean bizi gara gu, eta Habanan nire zeregina ez da euskal kultura eta euskara ezagutarazteko eskolak ematea. Zentzu batean, nire zeregina bada kultur enbaxadore funtzioa betetzea ere; ekintzak antolatzea, txikiak izan arren. Euskal Herria eta euskal kultura ezagutarazteko bidean, joan den otsaileko Habanako liburu azokaren testuinguruan, Joseba Sarrionandia eta Bernardo Atxaga idazleak izan genituen hemen, Habanan. Sarrionandiak bere azken liburua aurkeztu zuen: Munduari bira eman zion ontzia. Atxagak, berriz, irakurraldi bat egin zuen, eta hori dinamizatzen aritu nintzen ni. Horretan nabil Habanan.
Orain zauden postuan Joseba Sarrionandia izan zen aurretik. Bide luzea egina zuen hark Kuban. Heldulekuren batekin topo egin duzu iritsi zarenean?
Izena eman nuenean, Etxepareko ordezkariek esan zidaten irakurle talderik aktiboenetako bat zela Habanakoa, kultur ekintza asko antolatzen zituztela. Euskal sortzaileek, musikagileek, idazleek eta abarrek hurbileko jarrera izan dute Kubara etortzeko eta bisitak egiteko. Adibidez, orain bururatu zait Ines Osinagak hemen mamitu zuela bere azken diskoa. Ruper Ordorikak ere hemengo musikariekin eta hemengo musikan oinarrituta egin du bere azken diskoa, hemengo musika eskola batean egindako egonaldi baten ondorioz. Kontua da pandemiak asko mugatu zuela hori ere.
Lehen, bestelakoa zen egoera?
Beste joera bat zegoen lehen. Joseba Sarrionandia zen aurreko irakurlea, eta, noski, nik baino askoz kontaktu gehiago zituen hark. Hura bere horretan ere bazen erakarlea; hau da, jende asko etortzen zen saioetara hura ezagutzen zutelako. Hori guztia berriz martxan jartzea dagokit niri orain; poliki-poliki ari gara. Kostatzen ari zaigu, baina itxaropentsu nago. Elkarrizketa honek balio dezala jendeak jakiteko hemen nagoela; sortzaile edo pentsalariren batek Kubara etorri nahi badu, nirekin harremanetan jar dadila, zerbait antolatzeko prest nago eta.
Irakasteko helburuak ezberdinak dira Errenterian eta Habanan?
Errenterian euskaldunak sortu nahi nituen, euskaraz bizitzeko proiektua hazten ari nintzen han, euskaldun osoak sortzea zen nire azken helburua, eta horretan saiatzen nintzen. Hemen askoz xumeagoa da helburua. Euskal Herria eta euskal kultura ezagut ditzaten nahi dut, eta horrek nolabaiteko harra sortzen badie, kubatarrek euskal erreferentziak izan ditzaten saiatzen naiz. Beste helburuetako bat da —eta horregatik nabil unibertsitatean— unibertsitateko irakasle, ikasle edo doktore horiei Euskal Herria eta euskal kulturarekiko interesa pizten bazaie, euskararekin lotutako ikerketa lanak egin ditzaten bultzatzea. Adibidez, lortu dut ikasle baten gradu amaierako lana horrekin lotuta egotea. Poliki-poliki harra pizten ari naiz; aste honetan, gainera, Etxepare Institutuak esan dio diruz lagunduko duela.
Euskal Herrira etortzeko asmoa dutenei euskara gerturatzen diezu zuk. Besteentzat nolabaiteko enbaxadore al dira pertsona horiek?
Habanako euskal komunitatea ez dago oso trinkotuta. Badaude pertsona jakin batzuk eta elkarte txiki batzuk, baina kostatu egiten zaie gehienei. Gauzatxoak egiten saiatzen dira, eta, beraz, haiek ere enbaxadore lanak egiten saiatzen dira. Baina kontrakoa ere gertatzen da: Kuban Euskal Herriaren enbaxadore lanak egin ditzatela Euskal Herrian bizi izan direnek.
Faltan sumatzen duzu euskaraz bizitzea? Euskara entzutea?
Asko sumatzen dut, bai. Duela hiru asteburu hiru nafar izan ziren Habanako nire etxean, asteburu-pasa. Nafarroako Unibertsitateko ikasleak dira, eta praktikak egiten ari dira Kubako beste hiri batean. Nire berri izan, eta asteburu-pasa etorri ziren Habanara. Horietako bat euskalduna zen, eta zeharo eskertuta zegoen euskaraz hitz egin ahal izateagatik. Haiek sei hilabete daramatzate hemen. Hala esan zidan euskaldunak: “Sekula ez nuen imajinatuko euskaraz egiteko aukera izango nuenik hemen [Kuban] nengoen bitartean, eta ez dakizu zenbat eskertzen dudan euskaraz hitz egin ahal izatea”. Egia da horren falta sumatzen dela, baina gaur egun ditugun baliabideekin… Oraintxe euskaraz ari gara…
Uda gerturatzen ari da, eta, horrekin batera, Errenteriako madalenak, eta hurrengo urtean, Korrika. Nola biziko dituzu?
Udan Euskal Herrira itzuliko naiz, uztail erdialdean. Etxepare Institutuak munduko irakurleen topaketa bat antolatuko du Udako Euskal Unibertsitatearen ikastaroen barruan. Hilabete eta erdi pasatzeko asmoa daukat Euskal Herrian, eta madalenetan han izango naiz, ahal dudan guztian laguntzen. Beste kontu bat da Korrika. Hurrengo urtean izango da, eta ea… Nire asmoa da Kuban egotea, eta ez dakit nola biziko dudan; inkognita hutsa da.