Bertso eskola Martzelina Bertsozale Elkartea bilakatu dela ospatuko dute
Maiatzaren 7rako egitarau osoa antolatu du orain arte bertso eskola izan denak. Bertso jaialdirako sarrerak salgai jarri dituzte.
Oiartzungo bertso eskolak izena aldatu du, eta hemendik aurrera Martzelina Bertsozale Elkartea izango da. Izenaren berri eman eta aldaketa ospatzeko, “egun eder bat” prestatu dute Martzelinako kideek, maiatzaren 7rako.
12:00etan hasiko da, Kontzejupean. Aldaketaren berri emango dute bertsolari gaztetxo zein helduek. “Luxuzko gidaritza” izango dela aurreratu dute, eta Martzelina Lopetegi Olaizi buruzko bertso-sortak kantatuko dituzte, besteak beste.
Martzelina Lopetegi Olaiz. Edo liburu inprimatu berria ere banatuko dute hurbiltzen direnen artean. Elkarteari izena ematen dion bertsolari zenari eta izan zitekeenari buruzko liburua da.
Jarraian, poteo giroan jarraituko du festak.
Arratsalderako, berriz, bertso saioa prestatu dute, eta ahanztura izango da gai nagusia. Bost bertsolari igoko dira oholtzara: Maialen Lujanbio, Sustrai Colina, Alaia Martin, Miren Artetxe eta Unai Iturriaga. Gai-jartzaile lanetan Ainhoa Urien arituko da.
Sarrerak udalaren web orrialdean eros daitezke, bost euroren truke.