Pasaiako etxez etxeko langileak berriz ere borrokaldian hasiko dira
Pasaiako Udalak etxez etxeko laguntzarako kontratu berria esleitzeko baldintzen zerrenda publikatu du. LAB sindikatuak zehaztu duenez, baldintzen zerrenda horretan jasoa dago kontratu berria eskaintza merkeena aurkeztuko duen enpresari esleituko zaiola, “bestelako baldintzarik eskatu edo lehenetsi gabe”. Horrek, zerbitzuan lanean ari direnen lan baldintzetan eta zerbitzuan kaltea eragingo duela ziurtatu du sindikatuak. “Diru publikoarekin finantzatuko den zerbitzu batean langileen lan baldintzak duinak izatea bermatu behar du udalak. Horretarako baldintza edo pliegoetan jaso behar da hori”. Euren aldarrikapenei indarra emateko mobilizazioa egingo dute LABeko kideek hilaren 19an (asteazkena) 13:00etan udaletxearen parean (Donibaneko Arizabalon). Berriz ere borrokaldian hasiko dira.
Sindikatuak eskaera garbia egin dio udalari: etxez etxeko zerbitzuaren kudeaketa zuzenean har dezala, ez dezala enpresa bat azpikontratatu. “Hori egin bitartean, kontratuaren baldintzetan jaso ditzala langileen eskubideak, lan baldintza duinak, eta emakume hauei zor zaien aitortza sozial eta ekonomikoa”. Pasaiako etxez etxeko laguntza zerbitzuan lanean ari diren ia denak emakumeak dira: “Zaintza lanena sektore feminizatua izanik soldata arrakala, lan baldintza txarrak, eta aitortza eza ematen dira”.
Iaz, sei hilabeteko borrokaldia
Euren lan baldintzen alde, 2022n sei hilabeteko borrokaldia egin zuten Pasaiako etxez etxeko zerbitzuko langileek. Akordioa egin, hitzarmen berria sinatu, eta ustez egoera baretzeko bidean zen. Udalak azpikontratatua duen zerbitzua (egun Eulen enpresak kudeatzen du) berritzeko prozesua berriz ere hasi du aurten (legez hala behar du izan), eta esleipenerako baldintzetan kontratua eskaintzarik apalena aurkezten duen enpresari esleituko zaiola sutu du LAB sindikatua: “Langile hauek merezi dute, eta erakunde publikoen ardura da zaintza lanak ikusaraztea eta dagokien balioa ematea”.