Kantagiltzaren ziklo berriak lau saio izango ditu

Maiatzaren 13an izango da lehenengo solasaldi musikatua, Anje Duhalderekin. Beste hiru gonbidatuak iragarri dituzte antolatzaileek.

anje duhalde Anje Duhalderekin hasiko da datorren Kantagiltza.

Kantagiltza dinamikaren laugarren zikloa maiatzaren 13an hasiko da. Musika emanaldiak eta autorearekin elkarrizketa uztartzen dituen dinamikako lehen gonbidatua Anje Duhalde izango da. Aurreko zikloan Oiartzunera etortzekoa zen, baina solasaldi musikatua atzeratu behar izan zuten.

Arrangoitzeko musikaria Arizmendieneko lorategian arituko da arratsalde horretan, eta kantak abesteaz gain, Ekain Perez Rezolaren galderei erantzungo die. Eguraldi txarra eginez gero, pleno aretoan izango da saioa.

Sarrerak salgai daude, Landetxe tabernan, 5 euroren truke. Lau saio izango dira guztira, eta horietarako abonamendua eros daiteke 15 euroren truke, toki berean.

Kantagiltza antolatzen dutenek, gainera, Arizmendieneko lorategira hurbilduko diren artisten berri eman du:

  • Ekainak 4: Imanol Ubeda.
  • Irailak 3: Maite Larburu.
  • Urriak 8: Olaia Inziarte.

Egileak ezagutu

Kantagiltzaren helburua egilearen obra gertutik ezagutzea da. Galderei erantzuten diete, eta piezak tartekatzen dituzte.

Musikaren transmisioa da antolatzaileen kezketako bat, eta hori modu goxoan egiten saiatu nahi dute saio horiekin.

Azken berriak

Harpidetu zaitez gure buletin irekira!
Astekarko eduki nagusiak, asteko albiste ikusienak, martxan ditugun zozketa eta egitasmoak, asteburuko egitarauen agenda eta askoz gehiago!
Ostiralero zure posta elektronikoan.