Arte sorkuntza sustatzeko 10.000 euro banatuko ditu udalak
Iaz zazpi proiektu hautatu eta lagundu zituzten, lehenengo aldiz. Aurtengo proiektuak aurkezteko epea maiatzaren 31ra arte izango da.
Oiartzungo Udalak herriko arte sorkuntza sustatzeko laguntza ekonomikoa martxan jarri zuen iaz. Zazpi proiektu artistikok jaso zuten beka.
Aurten ere bide beretik joko du udalak. 10.000 euroko partida bideratu du arte ekoizpena laguntzera. Zinema, argazkia, dantza, literatura, musika, antzerkia, ikus-entzunezko edo arte plastikoko lanei bideratua izango da. Arlo horietan lan egiten duten herritar edo eragileek eska dezakete laguntza.
Proiektuak baloratzeko hainbat irizpide erabiliko dituzte: proiektuaren interesgarritasuna, kalitatea eta originaltasuna, Oiartzungo artista/eragilea izatea eta proiektuaren garatze prozesuan herritarren inplikazioa lortzea, besteak beste.
Maiatzaren 31 bitarte egongo da zabalik aurtengo deialdian parte hartzeko eskaerak aurkezteko epea. Informazio osoa udalaren webgunean aurki daiteke, dirulaguntzak atalean.