Familia-eredu eta legedien uztartzeari buruzko hitzaldia, maiatzaren 3an
Killirikupek Irule zerbitzu juridikoetako abokatuak gonbidatu ditu, hitzaldia eman dezaten. Legeak harremanak nola arautzen dituen aztertuko dute.
Killirikupe emakume taldeak bere eskolaren jarduerarekin jarraitzen du, eta hurrengo ekitaldiaren berri eman dute. Hitzaldia antolatu du datorren asteazkenerako, maiatzak 3. Familia-eredu berriak eta legedi zaharra. Nola uztartzen da? izena jarri diote.
Irule Abokatuak zerbitzu juridikoetako legelariak hurbilduko dira Oiartzungo Manuel Lekuona bibliotekara, 18:00etan. Hainbat galderei erantzuna emango diete. Asmoa legeak harremanak, jabetzak eta abarrak nola arautzen dituen azaltzea izango da.
Honako gaiak landuko dituzte abokatuek:
- Ezkontza zaharkituta al dago?
- Modernoagoa al da ez ezkontzea?
- Nola antola dezaket elkarbizitza?
- Zein eragin izango du honek etorkizunean?
- Ezkontza, izatezko bikote edo bestelako tresnak: zein aukera eskaintzen dizkigute eta zein ezberdintasun daude beraien artean?
- Dibortziatzen banaiz, zein eskubide ditut?