Sagardozaleen aitortza hunkituta jaso du Arbelaitzek
Herriko bazter denetan da ezaguna Idoia Arbelaitz. Bera da Sagardo Egunaren aurtengo omenduetako bat. Antolaketa lantaldera emakume gehiago erakartzeko lanean ari dira. Hunkituta jaso du aitortza.
Herrigintzaren eta euskalgintzaren gatza eta piperra, bazter denetan da ezaguna Idoia Arbelaitz. Langile prestua, beti irribarrea soinean egingo du ekarpena. Ez zuen espero, eta aitortza «pozgarria» dela esan duen arren, omendua izango zela jakitean urduritasuna eta beldurra sentitu zituela esan du oreretarrak: «Horrelako omenaldiak puntu goren batean daudenei egiten omen zaizkie, eta nik bizitzan gauza ugari ditut egiteko oraindik». Egunaren aurkezpena egin behar zuen larunbatean, eta hura hasi baino minutu pare bat lehenago ohartu zen zer edo zer arraroa bazela, «gurasoak heltzen ikusi nituen anaiarekin, eta susmoa hartu nion».
Eskerrak eman ditu. «Sentitzen duzuna deskribaezina da: maitasuna sentitzen duzu, adiskidetasuna, gurasoen aurpegian harrotasuna… Zerbait ongi egiten ari garela ere, eta bakan batzuengana iritsi zarela. Poza, asetze maila betea, eta malkoak». Urte mordoa egin ditu Sagardo Egunaren bueltan Arbelaitzek, laguntzaile lehenik, eta antolakuntza taldean bete-betean azken urteetan: «1990eko hamarkadan edalontziak saltzen hasi nintzen laguntzaile, sagardoa zerbitzatzen gero, antolatzaileen laguntzaile ere izan nintzen, eta azkenik, antolakuntza taldean». Hutsune bakarra bide horretan espetxealdia bete zuenean izan zuen.
Sagardo Egunak herriari zer ekarri dion galdetuta, argi dio: «Lagun eta familientzat elkargunea, tradizio zaharren bueltan gozatzeko aukera». Alderdirik zailena emakumeen parte hartzea erdiestea dela dio penaz, «zaila da emakumeak gerturatzea antolaketara». Horren adibide jarri du antolaketa taldeko hamar lagunetatik hiru baino ez direla emakumeak, «baina ari gara lanean, eragiten ari gara hori iraultzeko».
Emakumeentzat eremu segurua
Atseginena, «besteak gozatzen ikustea» dela dio. «Herria bizirik ikustea, ez dakit zein bikote sagardo egun batean ezagutu zela entzutea, edo ateak jotzen dituzunean lan boluntariorako laguntza eske jasotzen den erantzuna». Horren harira belaunaldi gazteei egin die erreferentzia Arbelaitzek haien «konpromisoa» goraipatzeko, «erabateko prestutasuna dute Sagardo Eguna izan, madalenak, edo auzoko jaien antolaketan. Egia da aukera eman behar diezula, baina erantzuna ikaragarria da».
Biharko egunari begira mezu argia zabaldu du Arbelaitzek; Sagardo Egunaren eremuan ez dute eraso sexistarik onartuko: «Eremu segurua izango da emakumeentzat, bai lanean ariko direnentzat, baita jaian parte hartuko dutenentzat ere».
