Santiyoetarako proposamenak jasotzen hasi da Iturriozko jai batzordea
Haurrak ere kontuan hartu beharko dituzte proposamenek. Maiatzaren 15era arte aurkez daitezke proposamenak. Auzoetako jaietan txikien parte-hartzea sustatu nahi dute.
Iturriozko santiyuak prestatzeko lanean ari da auzoko jai batzordea, eta horretarako proposamenak jasotzen ari dira.
Auzo lokalaren kanpoaldean postontzi bat jarri dute, eta bertan jasoko dituzte auzotarren proposamenak. Hilaren 15a —astelehena— izango da azkeneko eguna.
Jai batzordeak gogorarazi duenez, udalak Oinherrirekin hitzarmena sinatuta du, elkarte horren baloreak politika eta praktiketan txertatzeko. Honakoak dira zazpi balore horiek:
- Haurtzaroaren kultura aitortzea eta errespetatzea.
- Parte hartzea eta erabakitzeko ahalmena eskaintzea.
- Aisialdi hezitzailea.
- Harremanetan, euskara lehenestea.
- Aniztasunean berdin eta parekide.
- Ingurune naturala eta kulturala zaindu.
- Komunitate sarea eta auzolana.
Santiyuak osatzeko proposamenak balore horietan oinarritu behar direla gogorarazi dute. Haurrek parte hartzea garrantzitsua dela nabarmendu dute, haurren artean “konpromisozko jarrerak” bultzatu, auzoan haurrek duten parte hartzea lortu eta iraunarazteko zein autogestioaren eta herrigintzaren kultura sustatzeko.
Haurren iritziak ere kontuan hartzeari arreta jarri nahi diote, hartara festak “auzotar guztientzako” izan daitezen. Ez da arrazoi bakarra: auzoko jaiek eta auzotarrek ere haurrak hezten dituztela argi eta garbi utzi nahi izan dute.
Ekitaldietan parte hartzeaz gain, antolaketan pisua izan dezaketela azpimarratu dute, “haurrek ere iritzia” dutelako.