[Erreportajea] Gazte migratuei, lan aukerak
Batzen programak aldundiaren errekurtso erresidentzietan dauden 16 eta 23 urte bitarteko gazte migratuei lan inklusiorako aukera ematen die. Oarsoaldean lanketa berezia egin behar izan dute.
Gipuzkoako errekurtso erresidentzietan bizi diren 16 eta 23 urte bitarteko gazteekin lan egiten du Zabalduz kooperatiba elkarteak 2014tik. Zehazki, Donostialdea, Goierri, Buruntzaldea eta Oarsoaldeko erresidentzietan daude, nahiz eta Gipuzkoan zehar erresidentzia gehiago dauden. Gune horiek larrialdiko egoitzak, emantzipazio eta inklusio pisuak, eta bestelako egoitzak dira, eta bi departamentutan daude banatuta; alde batetik, adin txikikoentzako zentroak daude; bestetik, adinez nagusi direnentzako babes eta inklusio sare bat eskaintzen ditu Gipuzkoako Foru Aldundiak.
Zabalduz-ek adinez heldu diren horietan fokua jarrita du 2021etik, kooperatibaren kide den Leyre Jauregik azaldu duenez: «Adin nagusiko bihurtzen diren momentuan egoera erabat aldatzen da. Egoitzaz aldatu behar dute orduan eta baliteke beste egoitza horretan plazarik ez izatea eta, horren ondorioz, kale egoeran geratzea». Hain zuzen, «arrail» bat sortzen dela 18 urte bete dituztenean ikusi zuten, «azken finean ikusi genuen gazteek behar zutela enplegu bat lortzea eta mantentzea, baina era berean ez zeuzkaten tresna nahikorik, inklusio sozio-laborala hezkuntza interbentzioan ez delako ardatz bat». Errealitate horren aurrean Batzen Gazteak Enpleguratzeko Harrera Sistema laneratze poloa sortu zuten, 16 eta 23 urte bitarteko gazte migratu horien emantzipazio erreala eta independentzia ekonomikoa ahalbidetzeko. Hala, aldundiak kooperatibak kudeatzen dituen errekurtsoetan proiektu pilotu hori aplikatzen utzi die, eta hainbat iniziatiba eta ibilbide diseinatzen dabiltza Gipuzkoako enpresa sare batekin elkarlanean.
Normalean lana bilatzen dabilena gerturatzen da lantokira interesa azaltzera, baina alderantziz ez dela gertatzen azaldu du Jauregik. Horren aurrean, asmo garbia izan dute Batzen proiektuarekin: enpresa eta gazte horien arteko zubi lana egitea. Horretarako, hainbat lanketa egiten dituzte, gaztearen nahi eta formazio mailaren arabera zehaztu ohi direnak.
Lehenengo metodologia gehienbat bideratuta dago gazte horien lanerako motibazioa lantzera, eta hori lortzeko bisitak egiten dituzte enpresetara ikus ditzaten lantokiak, deskubritu dezaten zein lanpostu mota dauden, eta zein formazio behar den postu horietan lan egiteko. Jauregik dio Gipuzkoan zein aukera dauden eta zein sektore dauden argitzeko baliagarria dela metodologia hori. «Batzuetan, beraien lagun batek ile apaintzaile izateko ikasketak egin dituelako inertziaz berdina egiten dute, ez dakitelako zehazki lurraldean zein sektore dauden, eta ulertzen dugu beraien emantzipazio erreal eta bizitza proiektu bat diseinatze aldera lurralde mailan dauden sektore eta enpresak ezagutu behar dituztela». Gainera, enpresetan elkarrizketa simulakroak ere egiten dituzte eta modu horretan tresnak garatzen dituzte eroso egon daitezen lan elkarrizketa erreal baten aurrean. «Batez ere balio berezia du elkarrizketa honek, enpresak ematen dielako mezua eta ez hezitzaile batek», adierazi du Jauregik.
Bigarren metodologiarekin praktikak edota lan kontratazioak lantzen dituzte. Esaterako, enpresa batek profil konkretu baten beharra badu, hezitzaileek gazteen curriculumak bideratzen dituzte eta, gero, enpresak hautaketa egiten du. Metodologia horren barruan inklusio hitzarmenak ere badituzte, ez dutenak inongo balio legalik: «Baina oso interesgarria da tresna hau, ahalbidetzen digulako enpresa eta gaztearen artean ibilbide bat diseinatzea». Adibide gisa egoera baten berri eman du Jauregik, zeinetan enpresa bat belaunaldi errelebo faltan dabilen eta, erresidentziako gazte batek profil horrekin bat egiten duen: «Egoera horietan plantea dezakegu formazio duala deiturikoa, eta gazteari gustatzen bazaio eta funtzionatzen badu, eta gainera, euskara ikasten badu, hemendik urte eta erdira enpresa konprometitzen da gazte hau kontratatzera».
Bigarren metodologia horrekin bat egiten duenei Batzen proiektuak atzerritartasuneko aholkularitza juridikoa eskaintzen die, taldeko abokatu baten laguntzarekin. Kontratazio aholkularitza juridikoa ere eskaintzen dute, eta pertsona horiek kontratatu ahal izateko eskualdean zein diru laguntza dauden azaltzen die.
Enpresa sarea
Enpresa sare bat edukitzea ezinbestekoa da metodologiak funtziona dezan, eta gaur egun 70 enpresak osatzen dute ehun hori. Entitate bakoitzak konpromiso maila ezberdin bat har dezake: oinarrizkoa, ertaina edo goi mailakoa. Ez dela nahikoa «proiektuaren parte naiz» esatea azaldu du Jauregik, «denok daukagu lurraldean erronka sozial eta demografiko handi bat kolektibo honekiko, eta ulertzen dugu enpresek konpromiso finkoak hartu behar dituztela. Konpromisoak ekarpen erreal bat egiteko izan behar dira, prozesu horretan egotekoak». Enpresarentzat harrobi bat sortzeko baliagarria dela ere gaineratu du, eta argitu du konpromiso maila aldakorra dela. Metodologiak, konpromiso mailaren arabera sailkatzen dira. Oinarrizko konpromisoa hartzen duenak motibazioan eragingo duela hitza hartzen du, elkarrizketa simulakroekin, hitzaldiak eginez edota enpresetara bisitak antolatuz. Erdi mailako konpromisoa hartzen dutenek, berriz, praktikaldiak edota kontratazioak ahalbidetuko dituzte, eta bide horretan, harrera sisteman dagoen eta profila betetzen duten gazteei erantzungo diete. Azkenik, goi mailako konpromisoa hartzen dutenek urteroko inklusio helburuak ezarri eta urteroko prospekzio fitxa osatzen dute. Enpresa horiek kontratazio bolumen asko dutenak izaten dira.
Oarsoaldean lanketa berezia
Programa ez dute berdin aplikatu Goierrin, Buruntzaldean, Donostialdean eta Oarsoaldean, azken eskualde honetan langabezia tasa altuagoa delako beste eskualde horiekin alderatuta. Hartara, Oarsoaldean lanketa espezializatu behar izan zutela ohartu ziren, hau da, indar berezia jarri behar izan dute eskualdeko enpresek Gipuzkoako enpresa sarera bat egin zezaten. Hala, Berpiztu laneratze poloaren deialdia iritsi eta, orduan, Oarsoaldea Garapen Agentziarekin batera jarri zuten martxan Oarsoaldeari begirako lanketa berezia. Emaitzetako bat 14 harrera enpresen konpromisoa izan da. «Introspekzio lan handi bat egin dugu enpresa ezberdinengana joaten eta proiektua azaltzen. Zailtasun berezi bat izan dugu Oarsoaldean, eskualde honetako enpresak izan direlako ezezko gehien eman dituztenak». Enpresa horiek lehenengo, bigarren eta hirugarren sektoreko enpresak dira, hala nola, elektrizitate negozio bat, mekanizazio enpresa bat, makinarien alokairuaren negozio bat, nekazaritza negozio bat edota supermerkatuak. Enpresa sare guztia www.batzen.eus orrialdean kontsulta daiteke, baina batzuk aipatze aldera, eskualdeko parte hartzaile batzuk dira Orailki, Carrefour, Zinealdea, Elika, Zituene, Talaios Kooperatiba, Amcor edota Saizarlan.
Oarsoaldeko gazteen taldea beste eskualdeekin alderatuta kualifikazio altuagoa duten taldea da. Batzuk prozesu formatibo luze bat egin dutenak dira, alegia, erdi mailako, goi mailako edota batxilergoko ikasketak dituzte. Gainera, laneratze puntualak ere izan dituzten taldekideak daude, Eguberrietan edota udaran lan egin izan dutenak dira, baina horietatik inork ez du epe luzerako lan eskaintzarik eduki.
Oarsoaldean, Batzen proiektuan parte hartu dutenak guztira 23 izan dira, horietatik zazpi gizonak eta hamasei emakumeak. Datuek diote hamar pertsonak lortu dutela laneratzea, eta kasu horien ezaugarriak ezberdinak izan dira. Seik lana beraien formakuntza ibilbidearekin uztartzea lortu dute, gehienak ostiral arratsaldetan eta asteburutan daude jardunean; beste bi gaztek udaran egiten dute soilik lan; pertsona batek inklusio hitzarmenaren bitartez Batzen proiektuan dagoen enpresa batekin inklusio hitzarmena egin du, eta bertan hasi da praktikaldi duala egiten; eta beste pertsona bat Oarsoaldeko harrera enpresa batean dago lanean jardunaldi osoko kontratuarekin. Bestetik, hiru pertsonak oinarrizko formazioa egin dute, eta praktiketan dabiltza eskualdeko enpresa batean.
Orain, Batzen proiektua bigarren fase batean sartu da, eta pilotu izateari utzi eta Gipuzkoako Foru Aldundiak kudeatzen dituen erresidentzia guztietara zabalduko da programa. 80 gazte izatetik balizko 500 parte hartzaile izatera pasako dira. Jauregi kontent da programak funtzionatu duelako eta hark argi du: «Zerbitzu publiko bat denez, sare guztietako gazteek aprobetxatzeko garaia heldu da».
«Denetariko enpresak dauzkagu, baina ahul edo txikiak dira»
Patxi Arrazola. Oarsoaldea Garapen Agentziako Enplegu Sailaren zuzendaria.
Oarsoaldeko langabezia tasa batez bestekoaren gainetik egon eta enpresa gehienak txikiak izan arren, 35 pertsonari lan munduan txertatzeko aukera eman die agentziak.
Oarsoaldeko langabezia tasa orokorra handia da, Gipuzkoako beste eskualde batzuekin alderatzen bada. Baina, zein da migratu dutenen arteko langabezia tasa eskualdean?
Oarsoaldea betidanik izan da eskualde zigortua edo bereziki krisi potoloak bizi izan dituena. Esaterako 1990ko hamarkadara arte eskualde honetan industria astuneko enpresa handi asko zegoen, hemen azkenean portua daukagu eta portuaren inguruan 1960ko hamarkadatik, edo agian lehendik baita ere, industria astuna garatu zen eta enpresa handi asko martxan jarri ziren. Horren eraginez, Espainiako Estatuko beste lurralde batzuetatik jende asko etorri zen lanera, pixka bat Bilboko ezkerraldearen antzera. 1980ko hamarkadan industria horren gainbehera etorri zen, eta krisi horren eraginez bat-batean jende asko eta asko langabezian geratu zen. Gainera, orokorrean urte asko lan berdina egiten aritu ziren pertsonak izan ziren horiek, hau da, kualifikazio baxukoak. Horrek guztiak ekarri duena izan da historikoki eskualde honetan izan ditugun langabezia tasak Gipuzkoako batez bestekoa baino altuagoak izan direla.
Beraz, langabezia tasaz hitz egin dezakegu, eta bestetik, langabezian dauden pertsonen profilaz. Hemen dauden pertsonen profila da batez bestekoa baino kualifikazio baxuko pertsonak direla. Horregatik izendatzen zuen eskualdea Eusko Jaurlaritzak Lehentasunezko Jarduketa Gunea.
Enpresa handi-handirik ere ez dago Oarsoaldean.
Enpresa gehienak enpresa txikiak dira, eta gainera enpresa laguntzaileak dira, hau da, enplegua edota ekonomia trakzionatzen duten enpresa handi oso gutxi dauzkagu eskualde honetan Goierri edota Debagoienan dagoen errealitatearekin konparatuta. Beraz, Oarsoaldean, orokorrean, enpresa txikiak dauzkagu. Badago industria, baina enpresa horiek bestelako enpresa handientzako lan egiten dute, enpresa laguntzaile gisara. Denetariko enpresak dauzkagu, baina daukagun hori nahiko ahul edo txikia da, eta trakzionatzeko ahalmen gutxi dute aldi berean.
Proiektu berri batean sartu zarete, W proiektua. Zer da?
W proiektua, egitasmo guztiz berritzailea da. Oarsoaldea Garapen Agentziak diseinatu zuen, eta Berpiztuko komisio teknikoan aurkeztu genuen. Helburua du gaur egun era ez erregularrean dauden pertsonei, baina erregularizatzeko egoeran egon daitezkeenei, erregularizazioa hori lortzea. Hau da, gutxienez bertan hiru urtez erroldaturik dauden pertsonak identifikatu, eta pertsona hauek enpresetara bideratu egiten ditugu erregularizatzeko. Horretarako, ezinbestean behar dutena da enpresa batek aurre kontratu bat eskaintzea eta enpresa horren aurre-kontratuarekin eta beraien bestelako dokumentazio pila guzti horrekin atzerritarren bulegoan espediente bat zabaltzea.
Proiektu honen bidez metodologia bat testatu dugu, eta metodologia honek ahalbidetzen duena da pertsona hauek enpresetan txertatzea, kontratazio beharrak dauzkaten enpresetara bideratzea, eta baita lanpostuan bertan formatzea ere. Halaber, jarraipen sistema bat planteatzen da eta pertsona hauek funtzionatuz gero, ondoren, nola ez, atzerritarren bulegoan egiten dira beharrezko tramiteak eta bukaeran ja kontratazioak ematen dira.
Zenbat pertsona bideratu dituzue programara?
35 pertsona aktibatu eta bideratu ditugu programa honetara, eta komenta dezaket 35 horietatik 31k aurre-kontratu bat izateko aukera izan dutela, eta espedientea atzerritarren bulegoan aurkeztu ahal izan dugula.