Ku-ku Eguna: haur literatur bidaiak, feminismotik
Bestelako jendarte eredu bat islatzen duen haurrentzako literaturak Kontzejupea bere egingo du bihar, bigarren Ku-ku Egunean. Egun osorako jarduerak prestatu dituzte.
Iaz antolatu zuten Ku-ku Eguna lehenengo aldiz. Maiatzaren 17a LGTBIQ+fobiaren kontrako egun bezala izendatuta dago, eta horren harira, iaz Ku-ku Eguna antolatu zuten estreinakoz. Abaraxka ludoteka eta herriko mugimendu feminista aritu ziren elkarlanean, baita egitasmora batu ziren norbanako batzuk ere.
Ordukoak «inprobisaziotik» asko izan zuela eta, «korrika eta presaka» egin zutela aitortu du Ku-ku lan taldeko Nekane Martiarenak.
Egun hartan ludotekatik plazara doazen eskailerak margotu zituzten, eta haur literaturako gune bat instalatu zuten kontzejupean. «Ipuinak ongi aztertu eta begiratu ondoren, LGTBIQ+ gaiak zituzten album ilustratuak eta abar bildu genituen», azaldu du Martiarenak.
Hala ere, materiala ez zen gaitegi horretara mugatu. Lantaldeko kide Joana Aurrekoetxeak eman ditu xehetasunak: «Bagenekien LGTBIQ+ identitateak agerrarazten dituzten liburuak oso gutxi direla, eta, gainera, zeuden liburu gehienek ez dutela kalitatezko edukia eskaintzen. Horregatik gaitegia zabaltzen ahalegindu ginen, genero ikuspegia, gai sozialak, aniztasuna eta abar txertatuz, bestelako jendarte eredu bat irudikatzen dutenak edo gogoetarako bide ematen dutenak».
Izan ere, literatur proposamenek «interesgarriak» izan behar dute, oinarrian «plazera» egongo bada. Beste helburu bat ere bazuen espazioak: gazte zein helduen topagune izatearena, iritziak partekatu, eztabaidatu eta hausnartzeko.
Aurten ere iazko bidetik joango dira. Kontzejupeko frontoia hartuko dute, eta haur eta gazte literaturako liburuekin apalategiak jarriko dituzte. Liburuak ikusi eta irakurtzeko toki atsegin eta goxoa prestatuko dute: alfonbrak, poof-ak, sofak…
Euskarazkoak izango dira liburu gehienak, baina beste hizkuntzetan idatziak diren liburu gutxi batzuei ere leku egingo diete apalategi berezitu batean. Iaz gaztelaniazkoak izan ziren euskarazkoak ez ziren liburuak, eta aurten ingelesa, portugesa edo katalana ere bai aurkituko direla esan dute.
«Modu horretan euskarari presentzia handiagoa eman nahi diogu, iaz gaztelaniazko liburuek protagonismo handiegia eraman baitzuten, edizio deigarriagoak-eta zituztelako. Euskaraz baditugu altxorrak, eta bestela bigarren maila batean gelditzen dira», esan du Aurrekoetxeak.
Egitaraua
Goizean Itsaspeko Bihotzak areto literarioa egingo dute, 5 eta 8 urte arteko haurrei zuzendutakoa. «Galtzagorrirena da. Aste osoan dago pleno aretoan, eta bidaia literario moduko bat da: proposatzen ditu ipuin kontaketak, hitz-jolasak, genero ikuspegidun liburuen erreferentzia bibliografikoak…». Lehenengo pasea 11:00etan izango da, eta bigarrena 12:30ean.
Arratsalderako, berriz, ipuin kontaketa saioak antolatu dituzte, Arizmendienean. 3-5 urteko haurrentzakoa 17:00etan hasiko da, eta 5-8 artekoentzakoa, 17:30ean. 18:00etan tailerren txanda izango da: txapak sortuko dituzte, alde batetik, eta azkazalak kolorez margotuko dituzte, bestetik, Kolorezko atzazalak liburuak inspiratuta.
Egunaren muntaketan, txandetan eta abar, Ku-ku lantaldea, Abaraxka, eta Oiartzungo Feministen Asanbladaz gain, Killirikupek eta herriko irakurle taldeko gazte batzuek ere parte hartuko dutela zehaztu dute.
Horrez gain, bihar LGTBIQ+ bandera zabalduko dute udaletxeko balkoian. Herriko zazpi emakume jostunek osatu dute, eta hilaren 17ra arte egongo da zintzilik, ikusgarritasuna emateko.
Aurrera begirako asmoen berri ere eman dute: bibliotekari buruzko hausnarketa egin nahiko lukete, herritarrekin; aldarrikatzen dituzten gaiak islatuko lituzkeen album ilustratu bat sortu edo euskarara itzultzea; ikastetxeekin lanketa egiten jarraitzea… Datorren hori herriko eragileekin batera elkarlanean egin nahi dute.
