OKEk areto futboleko Gipuzkoako finalerako txartela lortu du, penaltietan
Itzuliko partida ere berdindu ondoren, play-offetako azken partida Martuteneren kontra jokatuko du. Mutilen futbol taldeak, garaipen garrantzitsua.
Oiartzungo areto futbol talde nagusiak larunbatean ez zuen amore eman. Oiartzun Kirol Elkarteko areto futbol talde nagusiak play-offetako finalerdiak gainditu ditu. Ligan lehenengo geratu zen Egintzaren kontra hiruna berdindu zuten larunbatean.
Penaltietan erabaki behar izan zuten nor pasatuko zen hurrengo fasera, joaneko partida ere bana berdindu zutelako.
Larunbateko partida, baina, aldapan gora hasi zuen Oiartzunek: lehen zatian bi gol jaso zituen. Bigarren zatian, presio gogorra egin zuten oiartzuarrek, eta baloiak lapurtu zituzten. Horrela lortu zuten lehenengo gola.
Kontraeraso batean aldea handitu zuten billabonatarrek, baina oiartzuarrek ez zuten amore eman, eta beste bi gol lortu zituzten partida berdintzeko.
Penaltietan oiartzuarrak 4-5 nagusitu ziren, eta play-offetako beste finalerdiko garailearen kontra arituko da finalean. Ekainaren 3an jokatuko dute finala, Martuteneren kontra, Andoaingo Allurralde kiroldegian.
Mutilen futbol taldea, sendo
Gizonen futbol talde nagusiak etxeko azkeneko partida jokatu zuen atzo, Urolaren kontra. Garaipena garrantzitsua zen play-offetarako aukera gehiago izateko.
Ongi hasi zuten partida, eta 30. minutuan aldeko penaltia sareetara bidali zuten. Bigarren zatia ere bikain hasi zuten, eta 58. minutuan etorri zen bigarren gola.
Garaipenarekin, play-offa jokatzea oiartzuarren esku egongo da. Asteburuan Zumaian irabaziz gero, hala izango da.
Gizonezkoen Ohorezko Erregional Maila
- Oiartzun — Urola: 2-0.
Emakumeen Euskal Liga
- San Martin Hauskaitz — Oiartzun B: 0-2.
Gizonen Gorengo Maila
- Allerru — Oiartzun B: 3-0.
Emakumeen Gorengo Maila. Igoera Fasea: Finala
- Usurbil — Oiartzun C: 3-2.
Mutilen Gazte Mailako Nazional Maila
- Santutxu B — Oiartzun: 6-0.
Mutilen Gazte Mailako Gorengo Maila
- Oiartzun B — Allerru: 6-1.
Mutilen Gazte Mailako Lehen Maila. Kopa
- Oiartzun C — Euskalduna B: 1-2.
ARETO FUTBOLA
Gizonen Gipuzkoako Lehen Maila
- Egintza — Oiartzun KE : 3-3 (4-5 penaltietan).
