"Nire lana bideratuta egongo da zerbitzu publikoak zaindu eta indartzera"
Lehenengo aldiz aurkeztuko da Elkarrekin Podemos Oiartzunen. Bi udal talde dauden udalbatzan hirugarrena erantsi nahi diote.
Elkarrekin Podemos lehen aldiz aurkeztuko da Oiartzunen. Javier Busselo Ortega izango da alkategaia. Egun Gipuzkoako Batzar Nagusietan ordezkaria da, eta esperientzia eraman nahi du udalera.
“Ilusio handiarekin” aurre egingo die hauteskundeei. Izan ere, ordezkari abertzaleak —EH Bilduko hamabi eta EAJko bost— dagoen udalbatzan abertzale ez direnen ordezkari izan nahi du Busselok. “Uste dut tokia badugula”.
Zuen hautagaitzak zer eskaintzen dio Oiartzun? Oiartzuarrek zergatik aukeratu behar dute zuen boto-papera?
Nik eskaintzen dudana nire lana da. Nire lana bideratuta egongo da zerbitzu publikoak zaindu eta indartzera, baita ere Oiartzunen bizi den jendearen bizitza hobetzera ere. Hori da eskaini dezakedana.
Ia bi urte daramatzat Gipuzkoako Batzar Nagusietan, eta asko ikasi dut han. Orain, Oiartzungo Udalean, esperientzia hori eramango dut. Ezberdinak dira bi lanak, badakit. Batzar Nagusiak toki oso parlamentarioa dira, diskurtsoak emateko tokia. Udala beste zerbait da, baina moldatuko naiz.
Alkatetza lortuz gero, zein izango da hartuko duzuen lehenengo erabakia?
Arazo handi bat dago Oiartzunen: hezkuntzaren segregazioa. Problema oso sakona da, eta hezkuntzako segregazioak eskolako mugak gainditzen ditu. Gizartean islatzen da segregazio hori.
Nik segregazio hori borrokatu nahi dut, eta hortik joango lirateke nire lehentasunak. Badakit arazo hori ezin dela bat-batean konpondu, hilabete batean edo bitan. Lan handia egin beharko da horri irtenbide bat emateko.
Herri barruko mugikortasun jasangarria sustatzeko zein beste udalerriekiko konexioak bultzatzeko zein dira zuen proposamenak?
Bi autobus linea daude Oiartzun eta Donostia lotzen dutenak: bat, erdialderaino joaten dena; eta bestea, unibertsitateetaraino. Beste bat falta da: ospitaleetara joango litzatekeena. Hori derrigorrezkoa dela uste dut; garraio publikoan joateko lotura gehiegi egin behar dira, edo bestela autoan joan behar da, eta hau ez da jasangarria.
Oiartzun eta Irun lotuko dituen linea bat ere jarri beharko litzateke, edo Donostia eta Irun lotzen dituena Oiartzundik pasatu beharko litzateke. Hori aztertu behar da, konexio falta hori konpontzeko.
Xorrola hor dago, eta auzoetako biztanleek dituzten beharrak aztertu beharko lirateke. Behin ondorioak aterata, soluzioak eman behar dira. Agian ordutegi batzuk jarri behar dira, edo ordu batzuk indartu…
Oiartzun euskararen arnasgunea da, baina erabilera jaitsi egin da, %53ra arte. Zein neurri hartuko zenituzkete beherakada horrekiko?
Oiartzun oso handia da, eta auzo eta industriaguneetan banatzen da. Auzoak badira euskararen arnasgune, baina industriaguneetan 7.000 langile daude. Horrez gain, hipermerkatu ugari daude.
Lan handia dago hipermerkatuetan eta lantokietan euskara bultzatzeko, eta arnasgune hori bertara eramateko, eta toki guztiak arnasgune izan daitezen.
Oiartzungo gazteek emantzipatzeko arazoak dituzte. Zein irtenbide emango zeniokete horri?
Orokorra da emantzitzapeko zailtasuna, bai, baina garrantzitsuena etxebizitzak dira, bizitza-proiektuak aurrera eramateko.
Orain dela gutxi onartu da Etxebizitzaren Lege Berria, eta tentsio handiko eremuak izendatuz gero, prezioaren igoera muga daiteke. Azterketa bat egin ondoren, agian izenda daiteke. Etxebizitza Legea tresna polita dela uste dut, eta hori aprobetxatu behar da.
Hortik aurrera, uste dut gazteen mesedetan jokatu behar dela. Lehentasun bat da etxebizitza, baina ez dut uste berriak eraiki behar direnik. Daudenak zaharberritu beharko lirateke, diru-laguntzak emanez.
Egungo udalbatza osatzen duten bi talde politikoek memoria historikoa eta oroimena lantzeko hitzarmena sinatu zuten Aranzadirekin. Zuen hautagaitzak zein jarrera dauka horrekiko?
Aranzadikoak profesionalak dira, eta memoria historikoaren zein oroimenaren alorrean eskarmentua eta esperientzia daukate. Konfiantza osoa dugu beraiengan. Bat egiten dugu horrekin.
OARSO BIDASOKO HITZAk herri guztietako alkategaiei egindako elkarrizketak publikatuko ditu. Hautagai horiek HITZAk emandako galdetegi bat erantzun dute, eta herri bakoitzeko alkategai guztiei galdera berberak egin zaizkie.
Elkarrizketak 2019ko udal hauteskundeen emaitzen arabera publikatuko ditu HITZAk, boz gutxien jaso zituen alderditik hasita, gehien bere egin zituenera arte. Honakoa Oiartzungo lehenengo elkarrizketa da.