"Erakargarri egin beharrean, euskararen erabilera inposizio bat bezala ikusten da"
Aitor Gonzalez aurreko hauteskundeetan boto batzuengatik lortu ahal izan ez zuena saiatuko da egiten oraingoan.
PSE-EEko Aitor Gonzalez Blanco da udal hauteskundeetan zerrendaburu bezala errepikatuko duen hautagai bakarra. Badu esperientzia udalgintzan, Ibarrako zinegotzi izan baitzen 2003tik 2015era bitartean. Egun Batzar Nagusietan ordezkari da.
Pasa den hauteskundeetan 234 boto eskuratu zituen, emandako botoen %4,29, zinegotzia eman ohi duen hamarren batzuetara. Alderdi sozialistak ordezkari bakarra izan du Oiartzungo Udalean; 1983-87 agintaldian izan zen.
Lau hamarkada geroago, hori errepikatu nahi du Gonzalezek.
Zuen hautagaitzak zer eskaintzen dio Oiartzun? Oiartzuarrek zergatik aukeratu behar dute zuen boto-papera?
Gure proiektu politikoak mezu argia eskaintzen du: oiartzuarrek dituzten beharrizan eta arazoei erantzuna ematea, eta ez jendearen beharrak bigarren plano batean uzten dituzten arazo identitarioei erantzuten dizkienak.
Pandemia, Ukrainako gerra eta energiaren prezioaren igoeraren ondoren, sozialistok argi utzi dugu gobernatzen dugun tokietan politika baliagarriak aurrera eraman ditugula, enpleguaren, familia zaurgarrienen eta ekonomiaren suspertzearen mesedetan. Erakundeen arteko elkarlana erabili dugu horretarako.
Zerbitzu publikoa da gure bokazioa. Bilduk eskaintzen duen eredua lehentasun identitarioan, inposizioan eta kostunbrismoan ainguratuta dago, baita EAJrena ere. Oiartzunek behar duena da modernitatera bueltatzea, eta udalak jendearen benetako beharrei erantzutea.
Alkatetza lortuz gero, zein izango da hartuko duzuen lehenengo erabakia?
Atez atekoa kentzea, zalantzarik. Eskualdeko udalerri guztiek duten bosgarren edukiontziaren sistemara bueltatu behar da. Biztanleen gehiengoak hori nahi du, nahiz eta inor ez den ausartzen hori esatera.
Bilduk onartzen ez badu ere, logikarik ez duen inposizioa da, eta sistema hori deuseztatu behar da.
Herri barruko mugikortasun jasangarria sustatzeko zein beste udalerriekiko konexioak bultzatzeko zein dira zuen proposamenak?
Herri barruko autobus zerbitzuan gehiago inbertitu behar da, maiztasuna handitu dadin, baita ekipamenduak eta Euskotrenekin duen konexioa hobetzeko ere. Ez dugu ahaztu behar Oiartzunek geltoki aparta duela, Donostiarekin zein Bidasoa eskualdearekin eta Hendaiarekin lotzen gaituena.
MUGI sistemaren parte garela aprobetxatu behar dugu. Garaio publikoa sustatu behar dugu, jendeak autoa hainbeste har ez dezan.
Oiartzun euskararen arnasgunea da, baina erabilera jaitsi egin da, %53ra arte. Zein neurri hartuko zenituzkete beherakada horrekiko?
Euskarari gerta ahal ziezaiokeen okerrena bere ezagutza eta erabilera inposatu nahi izan dutenen aldetik etorri da, Bilduk egiten duen bezala, gaztelania hiztunen eskubideak errespetatu gabe.
Erakargarri egin beharrean, euskararen erabilera inposizio bat bezala ikusten da, eta gehiengoak hori errefusatzen du. Hortik dator erabileraren datuen beherakada.
Neurri onena hizkuntza integrazioa lantzea da, euskararen eta gaztelaniaren koofizialtasunean oinarrituta, estigmatizazio eta bazterketarik gabe.
Euskararen sustapena beti positiboa da erabilera handiagotzearen bidean, baina udalarekin gazteleraz komunikatu nahi duen inor baztertu gabe. Inor ezin da diskriminatua sentitu administrazioarekin harremanetan jartzen denean, edozein hizkuntza ofizialetan. Hizkuntzen ezagutza eta erabilera beti da aberasgarria, ezin du konnotazio negatiborik eduki.
Oiartzunen bizi eta lan egiten dugunok aske sentitu behar dugu hizkuntza koofizialak ezagutu eta erabiltzeko orduan, baita administrazioarekin harremanetan jartzerakoan ere.
Oiartzungo gazteek emantzipatzeko arazoak dituzte. Zein irtenbide emango zeniokete horri?
Gure gazteriaren emantzipazioa lortzeko, ezinbestekoa da enplegu duin eta egonkorra izatea. Duela gutxi onartu zen Lan Erreformak zerikusi handia du horrekin.
Etxebizitzari dagokionez, irtenbidea Eusko Jaurlaritzarekin elkarlanean aritzea da. Haiek dute planifikatzeko eta eraikitzeko gaitasunik handiena. Udalak egin behar duena da jabetzan dituen lursailak laga, edo berriak eskuratu.
Bildu, hala ere, ez dago beste erakundeekin elkarlanean aritzeko prest, eta talibandarkeria horrek oiartzuar guztiei kalte egiten die.
Senatuan oraintsu onartu da Etxebizitzaren Legea, eta Euskadin dugun legearen babes juridikorik gabe genituen hainbat alderdiri babesa eta estaldura ematen die. Hemendik aurrera segurtasun juridiko osoarekin aplikatuko dira.
Egungo udalbatza osatzen duten bi talde politikoek memoria historikoa eta oroimena lantzeko hitzarmena sinatu zuten Aranzadirekin. Zuen hautagaitzak zein jarrera dauka horrekiko?
Pasa den apirilean, sozialistok iniziatiba parlamentario bat aurkeztu genuen Eusko Legebiltzarrean. EAJren, PSE-EEren eta Elkarrekin Podemosen babesa jaso zuen maiatza hasieran. Lau puntu zituen:
Lehenengoak botere publikoei eskatzen die terrorismoaren biktimei zein giza eskubideen urraketak jasan dituzten pertsonei zor zaien aitortza, egia, justizia eta erreparazio politikak bermatzea. Bide horretan, jasan dituzten kalteak kentzea zein sor litezkeenak saihestea. Gainera, haiek iraintzea, umiliatzea edo berriro biktimizatzea ekiditea eskatu zen.
Bigarren puntuan, memoria inklusibo, kritiko, etiko eta demokratikoa eraikitzeko konpromisoa indartzea berretsi zen. Terrorismoaren zein giza eskubideen urraketen injustizian oinarritu behar da gure elkarbizitza. Erakunde guztiek horretan jokatzen duten papera ere baloratzen da.
Hirugarrenik, Eusko Jaurlaritzari eskatzen zaio Udaberri 2024 Plana bete dezan. Terrorismoaren Biktimen Parte-Hartzearen Euskal Kontseiluan aho batez onartu zen.
Laugarren puntuan, berriz, eragile instituzional eta sozial guztiei galdegiten zaie biktima eta memoriarekin zerikusia duten dinamika guztiek giza eskubideak lantzen dituzten nazioarteko erakundeen irizpideak jarraitzea. Horrez gain, Gogora Institutuaren bide-orria ere jarraitu behar da; tartean daude ez baztertzea, zilegitasunik ez ematea eta ez diluitzea.
Hori da alderdi sozialistaren jarrera, eta nahigabetzen gaitu EH Bilduk ez onartzea.
OARSO BIDASOKO HITZAk herri guztietako alkategaiei egindako elkarrizketak publikatuko ditu. Hautagai horiek HITZAk emandako galdetegi bat erantzun dute, eta herri bakoitzeko alkategai guztiei galdera berberak egin zaizkie.
Elkarrizketak 2019ko udal hauteskundeen emaitzen arabera publikatuko ditu HITZAk, boz gutxien jaso zituen alderditik hasita, gehien bere egin zituenera arte. Honakoa Oiartzungo hirugarren elkarrizketa da.