"Gure agintaldia orain arte egindako lanen jarraipen bat izango da"
Joana Mendiburu estreinako aldiz aurkeztuko da hauteskundeetara. EH Bilduren gehiengo absolutuari eustea izango da helburua.
Joana Mendiburu (Senpere, 1976) Lapurdiko udalerri horren eta Oiartzun artean hazi zen. Udalerrian finkatuta, hainbat mugimendutan ibilia da. Lanbidez irakasle da, eta Orioko Herri Ikastolan egiten du lan. Labore Oarsoko presidente ere bada.
Mendiburu lehen aldiz aurkeztuko da hauteskundeetara, bere zerrendakideen gehiengoa bezala. Beraien helburua ezkerreko abertzaleek izan duten nagusitasunari eustea izango da. 1991 ezkero, utzi dioten aldietan, ordezkarien gehiengo absolutua lortu dute. Egun, hamazazpitik hamabi zinegotzi dituzte.
Zuen hautagaitzak zer eskaintzen dio Oiartzun? Oiartzuarrek zergatik aukeratu behar dute zuen boto-papera?
Gure zerrendaren eta proposamenen hiru ezaugarri azpimarratuko nituzke.
Batetik, EH Bilduren programan azaltzen diren lan-lerroak eta proposamen zehatzak herritarrekin landutakoak dira. Herritarren ardurei eta beharrei erantzuteko proposatzen ditugun neurriak dira. Adibidez, elkartzeko eta familientzat aterpeak egitea edo energia-krisiari aurre egiteko neurriak hartzea.
Bestetik, EH Bilduren hautagaitza oiartzuarrez osatutako zerrenda da. Oiartzuarrak gara, auzo desberdinetakoak, lehendik ere herriko elkarte eta mugimendu desberdinetan lan egindakoak. Hortaz, herritarrengandik hurbil gaude, Oiartzun ezagutzen dugu eta badakigu zer eta nola hobetu.
Azkenik, EH Bildu etorkizunera begira lanean ari den gaurkotasun handiko alderdia da. XXI. mendean jendarteak galdera berriak ditu eta gu galdera horien erantzunak lantzen ari gara, erakundeetatik eta herritarrekin.
Alkatetza lortuz gero, zein izango da hartuko duzuen lehenengo erabakia?
Nire jardunean alkatearen mahaira teknikariek eskatzen didaten lehena. Lehendik ere esana dut gure agintaldia orain arte egindako lanen jarraipen bat izango dela.
Herri programan jaso ditugun proposamen zehatzak azken legealdietan egindako diagnosi eta planetan oinarritzen dira. Arloz arlo lanean jarraituko dugu herritarren beharrei erantzuten, jarraikortasun baten barruan.
Herri barruko mugikortasun jasangarria sustatzeko zein beste udalerriekiko konexioak bultzatzeko zein dira zuen proposamenak?
Hasteko esango nuke Oiartzunen jada badaudela Xorrola eta Taxibusa bezalako zerbitzuak eta herritarrek oso ongi baloratzen dituztela. Horietan ordutegia zabalduko dugu asteburuetara edo egun berezietara.
Bestetik, oinezko eta bizikleten erabilera sustatu nahi genuke herri barruan. Garraio ohiturak aldatu behar ditugu. Herritarrak bizikletez edo oinez eroso mugitzea bilatu behar dugu eta, zentzu horretan, adibidez, bizikletak aparkatzeko leku gehiago jarriko dugu. Horrez gain, bidegorria industriaguneetara zabaltzeko asmoa ere badugu.
Gure eskumenekoak ez diren garraio publikoetan eskaerak egiten jarraituko dugu Donostiara eta ospitalera zuzeneko autobus-lineak edukitzeko.
Oiartzun euskararen arnasgunea da, baina erabilera jaitsi egin da, %53ra arte. Zein neurri hartuko zenituzkete beherakada horrekiko?
Bai, eta gu kezkatuta gaude oso. Herri bezala dugun erronka nagusienetako bat da gure hizkuntza zaintzea. Azken aldian irakurri ditudan adituen artikuluetan azpimarratzen da etorkinen seme-alabak euskalduntzearen beharra, eta hori ez du hezkuntza arautuak bakarrik lortuko.
Ikastetxean akaso euskara ikasiko dute, baina erabiltzeko ohitura kalean hartuko dute. Hortaz, aisialdiaren eremuari berebiziko garrantzia ematen diot eta hor neurri zehatzak hartu behar ditugu etorkinen seme-alabek ere horietan parte har dezaten.
Bestetik, gazteek erreferente euskaldunak behar dituzte kalean eta pantailetan. Gazte sortzaileei baliabideak eskaini behar zaizkie sortzeko eta ondoren sortutako plazara ateratzeko. Legealdi hau euskara eta kultura loraldian jartzeko legealdia izatea nahiko nuke.
Oiartzungo gazteek emantzipatzeko arazoak dituzte. Zein irtenbide emango zeniokete horri?
Batetik, etxe hutsak alokairu duinera bideratzeko lanean jarraituko dugu. Etxea hutsik egoteagatik zergetan ordaindu behar duten errekargua mantenduko dugu, eta alokairuan jartzeko pizgarriak eta bermeak eskainiko dizkiegu etxejabeei: aholkularitza juridikoa eta alokairuaren kudeaketa osoa udalak beregain hartuko du, arrisku anitzeko etxe asegurua doan izango da, Ondasun Higiezinen gaineko Zergan %50eko deskontua izango dute, etxebizitza berritzeko 3.000 euroko dirulaguntza emango diegu.
Bestetik, alokairu sozialeko 15 etxebizitza eta zuzkidurako beste 25 eraikiko ditugu. Zuzkidurakoak gazteen emantzipaziora bideratuta egongo dira bereziki: bost urterako izango dira eta, horrela, gurasoen etxetik ateratzeko alokairu duineko lehen aukera eskainiko diegu.
Egungo udalbatza osatzen duten bi talde politikoek memoria historikoa eta oroimena lantzeko hitzarmena sinatu zuten Aranzadirekin. Zuen hautagaitzak zein jarrera dauka horrekiko?
Begira, BERRIAn irakurri nuen duela hilabete inguru Donostiako Giza Eskubideen Zinemaldiak Carmen Castillori eman diola aurtengo ohorezko saria. Carmen Castillo Txilekoa da eta Pinocheten diktaduran bizitakoa zinemara ekarri du 1990 ezkero.
Berak dio memoria eta historia lantzen ez diren bitartean Txileren maldizioak bere horretan iraungo duela. Hemen beste hainbeste. Ez dut ukatuko gai delikatua ez denik, baina gertatutakoaz hitz egin behar da, ikertu, dokumentatu, jaso, sortu… Eta, azpimarratu nahi nuke azken legealdietan herritarren arteko bizikidetza lortzeko lan handia egin dela udalean. Lortutako zaindu eta elkarbizitzan pausoak ematen jarraitu behar da.
OARSO BIDASOKO HITZAk herri guztietako alkategaiei egindako elkarrizketak publikatuko ditu. Hautagai horiek HITZAk emandako galdetegi bat erantzun dute, eta herri bakoitzeko alkategai guztiei galdera berberak egin zaizkie.
Elkarrizketak 2019ko udal hauteskundeen emaitzen arabera publikatuko ditu HITZAk, boz gutxien jaso zituen alderditik hasita, gehien bere egin zituenera arte. Honakoa Oiartzungo azken elkarrizketa da.