‘Zorioneko’, oiartzuar gazteek ondutako antzezlana
Herriko gazte sortzaile batek mamitutako antzezlana gaur eta bihar taularatuko dute Landetxen. Uda osoa daramate prestatzen hemezortzi lagunek, eta herriari eskainiko diote.
Antzezlan bat iragarriko duen kartelean Sold out idatzi behar izatea zorte kontua izan liteke. Edo lanaren emaitza. Edo bien batura. Oiartzungo gazte talde batek —kanpoko fitxaketaren batekin— uda osoa darama Zorioneko izeneko antzezlana prestatzen.
Luix Mitxelenak idatzi eta zuzentzen du obra, eta aktore zein talde teknikoa batuta, hemezortzi lagun ari dira jo eta ke lanean.
Mitxelena hainbat gazterengana hurbildu da proiektuarekin; Oiartzungo Gazte Sortzaileak proiektuaren abaroan mamitu den antzezlana izan da Zorioneko.
Maider Iparragirre aktore lanetan ariko denak esan duenez, «bakoitza bere etxekoa» da, eta hori nabari da. Leire Agudok zehaztu du taldekideak aipatutakoa: «Badaude aktuazioan aritzen direnak, baina baita ere sekula egin ez dutenak. Nik DBHn egin nuen azkeneko aldiz…».
Iparragirreren arabera, ez zuten espero «hain diferente» izanda hain ongi elkar ulertuko zutenik. «Oso pozik gaude», gehitu du.
Ez dute spoiler handirik egin nahi izan, eta izenburuak argi uzten duen bezala, zorteari eta patuari buruzko antzezlana da. Karteleko irudietatik ere hori ondoriozta daiteke, lau hostoko hirusta bat ikus daitekeelako. Zortzi aktore igoko dira oholtzara, eta horietako bi izango dira protagonista.
Gainontzeko seiak paper txikiagoak jokatuko dituzte; testu gutxiago dutenez, rol bat baino gehiago jokatuko dituzte. Komedia bat izango da. «Ez dakigu beste ezer egiten, uste dut», zehaztu du, txantxetan, Iparragirrek.
Maddi Zamalloak produkzioaren ardura du, eta zuzendariaren ukitua hor dagoela uste du. «Hasi ginen testuari oso lotutako zerbait egiten, eta gero Luix joan da eszenak aldatzen eta bere erara moldatzen. Badauka umore puntua, baina hausnarketara ere eramaten zaitu».
Gaitasunak atera
Landetxekoa bezalako areto batean aritzeak ez ditu kikiltzen. Agudoren arabera, beldur eszenikoa baino, «segurtasun eza» zen hasieran sentitzen zutena. «Taldekide gehienak ez nituen ezagutzen, eta lotsa pixka bat ematen zidan hasieran. Gero uxatu zen lotsa hori», aitortu du.
DBHko ikasle ziren garaiak urruti geratu baziren ere, orduan eskolaz kanpoko jardueretan antzerkigintzan aritzeak eskarmentu pixka bat eman diela uste du Iparragirrek. «Hori bai», jarraitu du, «ez dakit nola izango den 250 lagunen aurrean egitea».
Iparragirrek jakinarazi duenez, bazeukan gogoa antzerkiari berriro heltzeko. Horretan lagungarri izan da Luix Mitxelena. «Luix kristoren artista da, eta badaki bakoitza nola tratatu». Bat egin du Zamalloak: «Nik ez dut antzeztu behar, baina bakoitzari ikusten dizkio dituen gaitasunak, eta parte batean bere lana izan da».
Agudo orain konfiantzarekin doa taulara: «Presio pixka bat badaukagu, baina hainbesteko lana egin dugu, oso ziur noala, eta oso ongi aterako da. Orain ez nago urduri, baina antzezlana hasi baino ordu erdi lehenagoko bueltan jarriko naizela uste dut…».
Zamalloak emaitzari bezain besteko garrantzia eman dio bideari: «Aterako da aterako den bezala, baina egun hauetan bai aktoreen aldetik zein talde tekniko osoaren aldetik egin den lan osoak merezi izan du. Azkenean, nerbioengatik, okerrago atera daiteke, baina nik ikusi ditudan paseetan oso ongi atera da antzezlana, baita argiztapena ere. Kristoren lana egiten ari gara».
Talde teknikoari dagokionez, Landetxekoak profesionalak direla esan du Zamalloak, eta gainontzekoek ere zerbait kobratu dutela; «merezi dutena baino gutxiago». Iparragirreren ustez, Oiartzunek horrelako zerbait «behar» zuen. «Herriak antolatutako zerbait herriarentzako».
Zamalloak erantsi duenez, Oiartzungo Gazte Sortzaileek «lan handia» egiten dute, eta haiei esker berearen antzeko anbizioa duen jende asko ezagutu du uda honetan. «Beste modu batera ez nituzkeen ezagutuko. Topagune bat ere izan da antzerkia», gaineratu du Zamalloak.
Hasiera batean, gaur eta bihar bakarrik oholtzaratuko dute antzezlana, partaideek beste proiektu batzuk dituztelako, eta asko kanpora doazelako ikastera. Biharko saiorako sarrerarik ez dago, eta gaurkorako —biak 19:00etan hasiko dira— gutxi geratzen ziren: sarrerak udalaren webgunean daude. Lortzen duena zorioneko izango da.