Erdi Aroko azoka egingo dute hilaren 30ean, estreinakoz
Oiartzun Nafarroako Erresumara bueltarazi zuen Libourneko Ituna ospatuko dute, egitarau zabalarekin. Bi egun lehenago, gertaera azalduko duen hitzaldia egingo dute.
Erdi Aroko azoka egingo dute Oiartzunen, hilaren 30ean, Done Eztebe plazan. Egun osoko egitaraua prestatu dute, hainbat osagairekin: azoka, musika, pregoia, herri bazkaria… [Egitaraua behean dago].
Hala ere, alde pedagogikoa izango duela aurreratu dute antolatzaileek. Gaztelak Oiartzun 1200. urtean konkistatu ondoren, Nafarroako Erresumara bueltatu zen 1366an, Libourneko Itunari esker. Horrela azaldu dute:
1366an, Gaztelako Pedro I.ari anaiordeak tronua kendu zionean, laguntza bila Ingalaterra eta Nafarroara jo zuen. Hiruek sinatu zuten Libourneko Itunean, Nafar Erresumak Gipuzkoa, Araba eta Errioxako zenbait hiribildu berreskuratu zituen, 1200.eko konkistan galdutakoak. Tamalez, birbatasun hau urte gutxi luzatu zen, 1373an aurreko mugetara itzuliz.
Itun horretan aipatu zuten Oiartzun, eta berbatze hura ospatzeko asmoz antolatu dituzte Erdi Aroko I. Jardunaldiak.
Hitzaldia
Azoka eta festa giroko jarduerak hilaren 30ean egingo diren arren, bi egun egun lehenagorako —osteguna, hilak 28— hitzaldia antolatu dute.
Oiartzun konkistatu eta gero Nafarroari birbatu zenekoa izena edukiko du hitzaldiak, eta bi solaskide gonbidatu dituzte: Idoia Arrieta eta Joxemari Iturriotz.
Arrieta 1200ko konkistari buruz arituko da, eta Iturriotz, berriz, zazpi urte iraun zituen berbatze horri buruz arituko da. Arizmendieneko erabilera anitzeko gelan izango da, 19:00etan hasita.
Hilaren 30eko egitaraua
- 10:00etatik 14:00etara:
- Ekoizle eta artisauen azoka.
- Txikien Erresuma: jolasak eta eskulanak.
- Soinueneko Xirolarru Taldea, biolin jotzaileak, ezpata borrokak, malabarrak…
- 10:00etan: Diana, Oidultzekin, plaza inguruan.
- 11:00etan: Pregoia, udaletxearen aurrean, Libourneko Itunaren sinaduraren berri emateko eta udaletxetik Nafarroako bandera zintzilikatzeko.
- 12:00etan: Lur Korta ipuin-kontalaria, erraldoiek lagunduta, Txikien Erresumatik abiatuta.
- 14:30ean: Herri bazkaria. Sarrerak salgai Miren tabernan eta Garmendi txokolategian.
- 17:00etan: Erregeei harrera, Lartaun abesbatza eta Olarri dantza taldearen eskutik.
- 18:00etan: Ezpata borroken erakustaldia, Ignota Arma Aretoarekin.
- 19:00etan: Erromeria, Doike musika taldearekin.