"Ikasleen hutsunea da gehien sumatuko dudana"
Erretiroa hartzeko zorian dago Elena Vazquez. Lau hamarkadatik gora aritu da euskara irakasten; hainbat euskaltegitan aritu da, eta azkeneko geltokia Errenteria-Oreretako Xenpelar-AEK du.
AEK-ko euskaltegiak zein euskaltegiak matrikulazio-kanpaina betean murgilduta daude. Elena Vazquezek lau hamarkadatik gora daramatza euskara klaseak ematen.
Errenteria-Oreretako Xenpelar AEK euskaltegian aritu da ibilbideko azken urteetan eskolak ematen, eta aurretik beste hainbatetan aritu da.
1980ko hamarkadaren hastapenetatik gaur egun arte ikusi dituen aldaketak, ikasleen hutsunea eta beste izan ditu hizpide.
AEK-ko beteranoa zara. Noiz hasi zinen?
1979/80 ikasturtean hasi nintzen lanean, gau eskola batean, artean AEK ez zenean. Loiola auzoko Aurrezki Kutxa Probintzialaren areto batean ematen genituen eskolak. Jaun eta jabe ginen han; giltza geneukan eta noiznahi sartu eta ateratzen ginen. Nola aldatu diren gauzak!
Loiolako auzo elkartearen inguruan taldeak elkartzen ziren, eta argi zeukaten Loiola euskaldundu behar zela. Horrela sortu zen taldea, 9-10 emakumerekin.
Denak etxekoandreak ziren. Pare bat urtez aritu nintzen han, eta lagun batek eskaini zidan Trintxerpen eskolak emateko aukera. Loiolan bi ordu ziren; Trintxerpen, lau. Hara joan nintzen.
Nolakoak ziren Trintxerpeko eskolak?
Elizaren Boveda elkartean ziren. Altzako batzuk, Trintxerpeko pare bat… Sei bat irakasle ginen gau eskola hartan. Arratsaldez ziren eskolak, denak langileak baitziren: arrantzaleak, arotzak, burdindegi bateko jabea…
Trintxerpen euskara entzutea oso arraroa zen; bat entzuten zenuen eta horrela [burua biratu du] egiten zenuen.
Bizpahiru euskaldun berri zeuden han. Jendearen falta zegoenez, haiek animatzen ziren. «Herriak euskaldunduko du herria», esaten zen garai hartan. Irakasleak gazteak ginen, oraindik lanean ez ginenak. Horrela hasi nintzen hemen… eta hemen bukatuko dut.
«Irakasleen artean aldaketa zegoen, eta eragin handia du horrek»
Eskolak emateko baldintzak nolakoak ziren? Asko aldatuko zen gauza…
Erabiltzen genituen aretoak hirugarren mundukoak ziren. Ikusi beharko zenuke non ematen genituen eskolak! Kutxaren areto hura desegokia zen, oso handia zelako, baina behintzat neguan bero egiten zuen eta eroso ginen. Bovedan… saguak eta guzti genituen! Oporraldien ondoren bueltatzen ginenean, paretetan onddoak zeuden.
Jendeak ikasteko beste motibazio bat zeukan. Orain dauden gazteak ez zeuden orduan; 30-40 urtekoa izango zen batez besteko adina, eta emakume asko. Langileak ere asko ziren.
Euskara ikasteko motibazioarena militanteagoa zen?
Etortzen zirenak etortzen ziren Euskal Herrian bizi zirelako eta euskaraz bizi nahi zutelako. Gero titulitis-a hasi zen, eta aurrekoa asko galdu da. Etortzen da jendea, hala ere, euskaraz izan nahi dituenak bere harremanak, haurrak ikastolara joaten direlako… Badaude horrelakoak, baina garai hartan gehiago ziren.
Atzerrian jaiotako ikasle asko ere hurbilduko dira.
Nire esperientziatik hitz egingo dut. Euskaltegira etortzen dira pentsatuz beharko dutela hemen bizitzeko. Adibidez, errumaniarrekin gertatu zaidana da erraztasun handia dutela ikasteko, eta oso gustura daudela, motibazio handiarekin, eta hirugarren hilabeterako konturatzen dira ez dutela bizitzeko behar. Pixkanaka joaten uzten dira, batez ere lanean ari badira.
Hemendik denetarik eduki dugu: kamerundarrak, kubatarrak… Beraien lehentasuna lana da, eta eskaintzen badiete, utzi egin behar dute. Edo soldadura ikastaro bat eskaintzen badiete.
«Orain baimenak eskatu behar dituzu toki guztietan, gauza guztietarako»
44 urte daramazkizu honetan. Euskarari emana zaude, eta euskara ematen duzu. Asko asebeteko zaitu…
Hilabete honetan hartuko dut erretiroa, eta ikasleen hutsunea izango da gehien sumatuko dudana. Adin honekin, ez noa ni, bota egin naute [barre egin du].
Adin ezberdineko ikasleak dituzu, eta ikusten duzu nola pentsatzen duten: politika, kultura, musika… Guzti-guztia beste modu batean pentsatzen dute, eta oso aberasgarria da niretzat. Orain, erretiroarekin, hori galdu egingo dut. Inguruan ez dut haur edo gazterik, eta hutsune hori sentituko dut.
Erretiroarekin, zer asmo duzu?
Agenda beteta daukat! Gauza pila batetan eman dut izena, eta denetan hartzen banaute… Badakizu, jubilatuen bizitzan gauza asko daude egiteko.
AEKn ikasgeletatik kanpoko jarduera asko egiten dituzue; ez da eskolak ematea bakarrik.
Hainbeste gauza egin eta egiten ditugu, kanpaina guztiekin bat egiten dugu, eta ezinezkoa da dena zerrendatzea. San Tomas Eguna, garai batean, Donostian bakarrik ospatzen zen, eta AEK-koak hasi ginen herri guztietan azokak antolatzen.
Kalera ateratzen ginen. Trintxerpen olinpiadak egiten genituen: larunbat bat aukeratu, eta taldeak osatzen genituen. Euskadi etorbidean ibiltzen ginen eskia egiten, egur batzuekin, gora eta behera. Oso dibertigarria zen. Guk hori egiten genuen, eta beste herrietan beste gauza batzuk; saltsa zegoen toki guztietan.
Txangoak egiten ere saiatzen ginen: Herri Urrats, ez dakit nongo kantaldiak, AEK Eguna… Festetan txosnak jartzen genituenean, ikasleak gonbidatzen genituen parte hartzera, praktika zezaten. Hori bai, beti eguneko txandetan; gauetan gu egoten ginen.
Txosnen mundua ezberdina da, eta hori galdu da. Orain Ticketbai eskatzen dute… Ikasle bati esango bagenio txosna batera etortzeko, praktika dezan, ez litzateke erotuta ere etorriko. Balio zuen herrian harremanak euskaraz sortzeko.
Horrez gain, Trintxerpen San Jueves egiten genuen. Ostegun arratsetan, euskaltegitik ateratzean, poteoa egiten genuen. Kuadrilla handia elkartzen ginen, tabernaz taberna, eta girotxoa sortzen genuen.
Lehen beste modu batera egiten ziren gauzak. Ardura gehiago dago orain: istripuentzako-aseguruak, batek ez duela argazkietan atera nahi… Baimenak eskatu behar dituzu toki guztietan, gauza guztietarako.
AEKren jarduera izarra da Korrika. Hor pasadizo ugari biziko zenituen.
Gauez pasatzen zenean, Korrikan ibiltzen zirenei gosaria egitea tokatzen zen. Antxeta eta Trintxer elkarteetan egiten ziren gosariak. Goizeko zazpietan ehundik gora lagun elkartzen ziren, eta gero lanera joan. Eta afariekin, berdin. Bazkaririk ia ez, eskualde honetatik gauean edo goizean pasatzen baita Korrika.
Korrika Txikiekin, lehen bakarra zegoen eta orain bat baino gehiago egiten dira. Asko aldatu da. Denden kasuan, adibidez, beti ematen zizkiguten opariak Korrika Txikian banatzeko: karpetak, boligrafoak… Hori bukatu da.
Euskara irakasle izatea ez da irakasle izatera mugatzen.
Ez duzu sekula deskonektatzen. Norbait zerbaiterako harrapatu, klasean hitz egiteko norbait bilatu…
Errenteria-Oreretako AEK euskaltegiaren goitizena Xinpelas da. Lan egoera asko aldatu al da?
Hemengoaren goitizena da, baina denak berdintsu ibiltzen gara. Baldintzak asko hobetu dira. Hemen gogoan dut toki askotan eman dugula eskola: Musika Plazako lokal batean, Xenpelar Etxean…
Biteri kaleko egoitzan behin lapurtzera sartu ziren, eta gelak banatzen zituen panela hautsi zuten. Obra insonorizatzeko aprobetxatu genuen, niri —batez ere— asko entzuten zaidalako. Tira, nik fama eramaten dut, baina badira beste batzuk ere…
Lan baldintzak pixkanaka hobetzen ari dira, eta horrek irakaskuntzari eragiten dio. Garai batean kobratu gabe aritzen ginen. Jendea bere borondatez aritzen zen, baina gero bizi egin behar zen. Irakasleen artean aldaketa asko zeuden, eta egonkortasun falta horrek eragiten zuen. Zorionez, gero eta gutxiago gertatzen da hori, eta orain, bizi daiteke. Justu jubilatuko naizenean…
Oarsoaldean AEK-k dituen eta izan dituen ia euskaltegi guztietan egon zara, Oiartzunen izan ezik. Zer dela eta mugimendu hori?
Jendea behar zuten, eta behar zen tokira joaten nintzen. Beti rollo ona izan dugu, eta esan didatenean toki batera joan behar naizela, hara joan naiz. Oiartzunera, ez. Loiolan bizi naiz, eta garraio publikoan haraino joatea mobida handia da.
Euskarazko hitz gutxi batzuk besterik ez zekizkien ikasle bat denbora batera hizkuntzan moldatzen dela ikusteak zein sentsazio sorrarazten dizu?
Betetzen zaitu. Lehenengo urratsak oso politak dira, ikusten duzulako nola aurreratzen duten. Hori bai, energia pila bat xurgatzen dizute, ez dakitelako ezer esaten eta bi ordurako material pila bat prestatu behar duzulako.
Goi urratsetan kontrakoa gertatzen da: material gutxiago prestatu behar duzu, gai direlako, baina aurrerapenak ez dira hain begi-bistakoak. Gainera, gutxiago egiten dute; isilago egoten dira, edo motibazio gutxiagorekin, eta tiraka ibili behar zara.
Bestalde, azterketetan garrantzia handia ematen zaio idazteari, eta nik mintzairari emango nioke. Kalean zaudenean ez dituzu ohartxoak idazten komunikatzeko. Eta, gaur egun, gutxiago idazten da. Planteamendu hori, ordea, Europatik dator, eta ezin da ezer egin.
«Lehenengo urratsak oso politak dira, ikusten duzulako nola aurreratzen duten»
Asebetetzeez gain, frustraziorik ba al duzu?
Hori egunero! Mila gauza prestatu dituzunean, eta ez zaizunean ezer ateratzen. Adibidez, rol-joko bat prestatu sekulako ilusioarekin, eta hiru ikasle bakarrik etortzen zaizkizu, zazpirentzako zenean. Edo etxean zerbait entzuteko agintzen diezunean, eta hurrengo egunean etortzen zaizkizunean esanez ahaztu egin zaiela. Baina tira, buelta ematen diozu. Pazientziarekin eraman behar da. Barruan daukazuna begietan islatuko balitz, agian guztiak begiradarekin hilko zenituzke! [Barre egin du].
44 urte pazientziaz beteta izan daiteke titularra, beraz.
Lagunei esaten nien: «Barkatuko didazue, baina nik pazientzia lanerako gordetzen dut. Hiru aldiz errepikatu behar badut, haserretuko naiz!».
Euskaltegien matrikulazio kanpaina betean gaude. Zergatik ikasi behar da euskara?
Leku batean bizi bazara, eta bertakoa sentitzen bazara, oinarrizko gauza delako bertako hizkuntza ikastea.
Frustrazioetara bueltatuz, badago jendea bizpahiru urte pasatzen dituela euskara ikasten. Profila ateratzen dute, eta urte batzuetara berriro aurkitzen zara beraiekin. «Te lo digo en castellano» esaten didate. Egin duzun inbertsioarekin, denbora eta diruarena, eta hiru urtera zerotik hasiko zinateke berriro? Ez dizu penarik ematen? Erantzuna batzuetan izan ohi da ezetz.
Horrek sortzen dit frustrazioa. «Zertarako saiatu naiz hainbeste, gero horrela bukatzeko?». Bestelako jarrera dutenak ere badaude, egunerokoan erabiltzen dutenenak.