Planoburura bisita, Artikutzako Trenaren sekretuetako bat ezagutzera
Artikutzako Trenaren Lagunek txangoa antolatu dute urriaren 7rako. Planoburuko plano hidraulikoa zena ezagutuko dute, bideaz gozatuta.
Artikutzako Trenaren Lagunek txangoa antolatu dute Planoburuko eremura, urriaren 7rako (larunbata izango da). Artikutzako Trena bertatik pasatzen zen, eta plano hidrauliko baten bitartez gainditzen zuen malda.
Eskas inguruan zegoen plano hidrauliko hori, eta azken hamar urteetan, eremua garbitzen eta berreskuratzen aritu dira boluntarioak, Donostiako Udaleko langileen laguntzarekin.
Gaur egun ur andela nagusia, danborren lubakiak, planoaren hasiera eta beste ikus daitezke, baita bagoitxo sail bat eta kargak ere.
Hori guztia —eta gehiago— ikusteko, Eskasen jarri dute zita 09:30ean. Trenbidearen bidetik 9 kilometroko ibilbidea egingo dute, aldaparik gabe, lau bat orduko iraupenarekin.
Bisita gidatuaz gain, cromlechak ikusi eta Historia eta naturaren berezitasunak aipatuko dituzte. Doakoa izango da bisita gidatua, gazteleraz eta euskaraz.
Izena eman nahi dutenek 679 61 30 16 telefono zenbakira dei dezakete, edo posta elektroniko bidez harremanetan jarri.
Europako Ondarearen Jardunaldien barruko ekitaldia izango da.
Artikutzako Trena
Artikutzako Trena, Goizuetako Elamako meategietan hasi eta Lezo-Errenteriako geltokiraino zihoan tren harrigarria izan zen, 1905 eta 1918 artean ibilitakoa. 28,5 kilometroko luzera zuen ibilbide malkartsu honek, eta trazatuaren zatirik garrantzitsuenak Goizueta eta Oiartzungo lurretan zituen.
Burdin minerala, kaolina, egur-ikatza, posteak, trabesak… garraiatzen zituen. Malda handiak gainditzeko oso azpiegitura bereziak zituen, batik bat, Planoburuko plano hidraulikoa, Eskas inguruan. Planoburu izan zuen bere sistema osoaren ardatza eta gunerik garrantzitsuena.