[Argazkiekin] Bakarrak lortu du garaikurra; guztiek, dibertsioa
Hogei ikastolatako 280 ikaslek Erronkan hartu dute parte, Kilometroak festaren barruan. Legazpiko Haztegi ikastolakoek bildu dituzte puntu gehien.
Egitarau oparoa izan zuen atzoko Kilometroak festak, eta Errenteria-Oreretako hainbat txokotan, dantza, musika, jolas eta abarrekin gozatzeko aukera izan zen.
Egun biribila izan zen, eguraldiak —gehiegi, agian— lagunduta. Milaka lagun izan ziren ekitaldiekin disfrutatu zutenak.
Hala ere, bene-benetan dibertitu zirenak Erronkan parte hartu zuten ikasleak izan ziren. Goizean hasi, eta bazkalordua iritsi arte, hainbat probei aurre egin behar izan zieten. Esmalterian hasi ziren, Erriola kantaren —zein, bestela?— koreografia dantzatzen.
Eszenaratzea, espazioaren okupazioa, koreografia eta beste hainbat aldagai kontuan hartu zituzten epaileek. Hogei ikastolak hartu zuten parte Erronkan; 280 ikasle izan ziren guztira.
Lau gune, eta elkarteak
Esmalterian dantza-urratsak agortuta, herriko beste hainbat txokotara —lautara, zehazki— jo zuten ikasleek. Probak zituzten zain, eta gunez gune txandakatzen joan ziren.
Probek sinpletik gutxi zuten, gune bakoitzeko probak kateatu egiten baitziren. Ondorioz, hainbat dohain erakusteko aukera eman zuten: fisikoak, intelektualak, orientaziokoak…
Gernika plazan, Lekuona ondoan, zirkuitu bat zegoen. Hainbat proba egin ondoren, Erriolaren logoa osatu behar zuten. Agian hori zen trebetasun handiena behar zuena, irudi abstraktuaren piezak jostea ez baitzen ahuntzaren gauerdiko eztula.
Gaztañoko erabilera anitzeko gunean, berriz, trikimakoak ikusten ziren handik, iparrorratzak hortik eta kolore argiko kamisetadun gaztetxoak korrika hemendik.
Probaren helburu nagusia zen ea nork jango zituen Errenteria-Oreretako jaki tipiko gehien: gailetak. Berezitasun batekin: eskurik erabili gabe.
Gabierrotan bi gune zeuden. Batean, piramidearen ondoko saskibaloi kantxan, punteria . Bestea, Santa Klara zubiaren inguruan.
Bigarren horretan zorionekoenak izan ziren zubia eskalatu behar zutenak. Izan ere, tarte batez oinak errioaren ur freskoan hondoratu behar izan zituzten.
Kaleko lau gune horiez gain, superbibentziarako garrantzitsuena den ariketa egiten aritu ziren: pasta kozinatzen. Foru Plazan bazkaldu zuten denek elkarrekin.
Legazpiko Haztegi Ikastola izan zen probetan puntu gehien bildu zituena, eta haien atzetik geratu ziren Usurbilgo Udarregi ikastola eta Ibarrako Uzturpe. Saria dirutan jaso zuten: 1.000, 500 eta 300 euro jaso zituzten, hurrenez hurren.
Legazpiarrak eraman zuten garaikurra —eta ohorea—, baina guzti-guztiak dibertitu ziren.