Oiartzuarrek ez dute bote luzeko finalerako txartelik lortu
Gipuzkoa Batek eta Gipuzkoa Bik finalerdietako partidak jokatu dituzte asteburuan. Bi taldeek —oiartzuarrak dituzte— galdu egin dute.
![](https://oarsoaldea.hitza.eus/site/files/2023/10/oiartzun-2023-9-1-1b.jpg)
Pasa den asteburuan jokatu zituzten Euskal Herriko Bote Luze Txapelketako bi finalerdiak. Bi partidak Oiartzungo Beheko Plazan izan ziren, eta bi partidetan oiartzuarrek hartu zuten parte.
Hala ere, ez zuten finalerako txartelik lortu. Ostiralean, Gipuzkoa Bik eta Bizkaia Bik neurtu zituzten indarrak, eta bizkaitarrak atera ziren garaile, 4 eta 8 irabazita.
Talde hori Oiarpeko sei pilotarik eta EPLEko beste batek osatzen dute.
Igande goizean, berriz, Gipuzkoa Bat eta Bizkaia Batek bilatu zuten finalerako beste txartela. Kasu horretan ere kanpotarrak izan ziren garaile, 3 eta 5 nagusituta. Talde horretan aritu dira Txosteko bost pilotari eta Villabonako Bear Zanako beste bi.
Oiartzuarrak, beraz, ez ziren profeta izan beraien herrian.
Finala hilaren 22an jokatuko dutela jakinarazi dute, eguraldiak ez badu partida zapuzten.