66 milioi euro bost erronka "handiri" erantzuteko
Gaur aurkeztu du gobernu taldeak aurrekontu proiektuaren proposamena. Inoizko handiena, 66,3 milioi eurokoa da, iazkoa baino %5 handiagoa.
“Aurrekontu handiagoa, erronka handiei erantzuteko”. Horrela aurkeztu du gaur Aizpea Otaegi alkateak gobernu taldeak datorren urterako ondu duen aurrekontu proiektuaren proposamena. Zenbakietara eramanda, 66,3 milioiko diru zatia aurreikusi dute, bost erronka “handiri” erantzuteko. Aurreko urtekoarekin alderatuta %5 handiagoa da 2024rako proposatu duten aurrekontu proiektua, 3.000.000 euro handiagoa, zehazki.
Aizpea Otaegi alkatea, Eneko del Amo Ogasun eta Hirigintza zinegotzia, eta Maite Gartzia alkateordea izan dira agerraldian.
Azken urteetako ildoari jarraituz, 2024ko aurrekontuak ere goranzko joera mantendu du, “urtez urte gero eta aurrekontu handiago bat kudeatzeko aukera izan dugu” azaldu du Otaegik, eta gaineratu, hori horrela dela foru funtsaren ekarpena, aurrekontua osatzeko ekarpenik handiena dena, handitu egin delako, “%6,7koa izan da hazkuntza zehazki”, eta bestetik, proiektu zehatzetarakoa udalak eskatzen dituen diru laguntzak pisu esanguratsua dute sarreretan eta horiek ere hazi egin dira: “Horrek esan nahi du gure gaitasuna, sustatu nahi ditugun proiektuetarako diru sarrerak eskuratzekoa gero eta handiagoa dela, zehazki, %11 hazi da. Horrek, halaber, adierazten du kudeaketarako gaitasuna, anbizioa badugula eta erakunde arteko harremanetan ere gai garela funtsak eskuratzeko”.
Diru sarrerak handitzearekin batera, sailen aurrekontuak ere handitu egin ditu gobernu taldeak aurrekontu proposamenean, sail batean salbu, Ogasunean. Azken horretan jaitsi egin da aurrekontua eta udalaren egoera finantzario onarekin lotu du udal agintariak, “”udalaren zorpetzea gutxitu da, hori ere azken urteetako bilakaera da , eta hurrengo ekitaldiari begira ere zorpetzea gutxitu da, interes gutxiago ordaindu behar ditu udalak, eta, beraz, Ogasun sailaren aurrekontua txikiagoa da”.
Gainontzeko departamentu guztietan, igoera. Eta aurrekontu igoera hori udalerri gisa Errenteria-Oreretak dituen bost erronkekin estu lotu du Otaegik. Bost erronkak, honakoak: Tokiko ekonomia sendotzea, gizarte babesa indartzea, trantsizio ekologikoan jauzi bat ematea, hiria berritzeko proiektuak garatzea eta kultura hedatzea.
Tokiko ekonomia sendotu
Tokiko ekonomia sendotzeko orain arteko politikak indartuko dituela udalak azaldu du alkateak; horretarako %11 hazi da garapen ekonomikorako aurrekontua, “1,4 milioi eurokoa izango da orotara aurrekontu hori”. “Estrategikoa” hala definitu du tokiko ekonomia sendotzeko erronka, “ezinbestekoa aurrean ditugun eraldaketetara egokitu eta proiektu ekonomiko berriak sustatzea”.
Zaurgarrienak ere gogoan. Laneratzeko zailtasun gehien duten pertsona eta kolektiboei begira politika publikoak ere sendotuko dituztelako proposamenaren arabera; horretarako 1.278.400 euroko diru zatia aurreikusi du gobernu taldeak, iaz baino %42 gehiago. “Inoizko langabezia tasarik baxuenean gaude, baina hala ere, laneratzeko zailtasun gehiago dutenak dira enplegurik gabe direnak, zenbat eta langabezia tasa baxuagoa, orduan eta zailtasunak handienak”.
60 kontratu egitea aurreikusi dute udal esparruan, “kontratu kopurua baino gehiago handitzen dena kontratu horien iraupena da”.
Gizarte babes handitu
Gizarte babesa handitzeari begira %4ko hazkundea aurreikusi du aurrekontu proiektuaren proposamenean gobernu taldeak, “inflazioak familiak gogor jo dituen garai honetan”. Arlo horretan laguntzetara bideratutako diru zatiak handitzeaz gain, proiektu berritzaileak martxan jartzea proposatu dute “2024an gizarte bazterketa ekidin eta herri kohesionatuagoa eraikitzeko”. Aipamen berezia egin dio Otaegik aurreko agintaldian hautatua ez den bakardadeari aurre egiteko proiektu pilotua, “horren kontsolidazioarekin goaz orain eta 2024ari begira isla izango du aurrekontuan”. Bestetik gazteen esparruan osasun mentalari eta menpekotasunei heltzeko asmoa aipatu ditu, “horiek ere isla izango dute datorren urteko aurrekontuan”.
Beste erronka handi bat, trantsizio ekologikoa. Hura bizkortzeko energia berriztagarrien inbertsioak %52 haziko direla jakinarazi du, 330.000 euroko aurrekontuarekin. Oiartzun ibaira 0 isuri helburua lortzeko bidean ur zikloa hobetzeko egingo diren inbertsioak —550.000 euro— eta garraio publikoa sustatzeko egingo den %42ko aurrekontu igoera aipatu ditu alkateak, “azken horrek, herritarrentzat garraio publikoaren prezioetan hobariak mantentzea eta lineak hobetzea suposatuko du”.
Hiria berritu
Partida garrantzitsuak jaso dituzte aurrekontu proposamenean, gainera, hiria berritzen jarraitzeko proiektuei begira. Besteak beste, Barandiaran parkea eraikitzen hasteko 1.000.000 euro, Iztieta -Ondartxoko hiltegia birgaitzeko 800.000 euro, Beraun kaleko berrurbanizazio proiektua amaitzeko 800.000 euro, Alabergako auzo bihotza sustatzeko 300.000 euro, eta Olibeteko aparkalekuak eraikitzen hasteko 550.000 euro.
Kulturan ere orain arteko lan lerroak sendotzeko apustu garbia egin dute, eta %10 hazi da arlo horri begirako aurrekontua.
Aurrekontuen bidez erronka handiei erantzuteaz gain udal zerbitzu publikoak sendotzeko apustua ere egin dutela zehar lerro moduan erantsi du Otaegik: “Lanpostuak egonkortu, eta lan baldintzak hobetu egingo dira”. Horrekin batera, udal zerbitzuak auzoetara gerturatzen jarraitzeko inbertsioei aipamena egin die, “bereziki, Beraun, Galtzaraborda, Kaputxinoak, eta Alaberga auzoei zerbitzua emango dien Aldakoenea auzo etxe berria martxan jartzea”.
Amaitzeko, akordioak lortzeko borondatea agerian jarri du Otaegik, “aurrekontuen proposamena aurkeztuta, oposizioaren ekarpenak jasotzeko tartea zabalduko da orain. Oposizioaren ekarpenak entzun eta akordioetara iristeko borondatea du udal gobernuak. Erronka handi hauei erantzuteko premia herritar eta eragile gehienen artean partekatua dela uste dugu”.