[Erreportajea] Lurra eta historia iraultzen
Gipuzkoako emakume arkeologoei merezitako aitortza egin die Oiasso Museoak. Azken hamarkadetan egindako lana goraipatzeko erakusketa zabaldu dute, haiek irauli baitzuten hemengo arkeologia.
Asko errealitate hori alboratzen saiatu badira ere, aspalditik Euskal Herriko eta bereziki Gipuzkoako arkeologiak emakume aurpegi, ahots eta eskuak ditu. Hemen eta hango iragana lur azpitik ateratzeko funtsezko eta ezinbestekoa izan da lurraldeko emakume arkeologoen lana, eta itzaleko lan hori merezi duten bezala aitortu diete Irungo Oiasso Erromatar Museoan, erakusketa bat baino gehiago den ibilbide historiko eder batekin. Dagoeneko bisita daiteke Emakume arkeologoak Gipuzkoan erakusketa. Oiassoko koordinatzaile Aizpea Goenagarekin bisita gidatu berezia egiteko gonbitari ezin dio ezezkorik eman Hitza-k, eta bertatik bertara jasotzen saiatu da bi solairutan banatutako erakusketa berezia.
Erakusketak herrialdeko zein nazioarteko ikerketa arkeologikoetan emakumeek izan duten garrantzia goraipatu nahi du, Goenagaren arabera, «emakumeak izan baitziren Gipuzkoako arkeologia profesionala irauli zutenak». Haien lana «balio handikoa» izan arren, ez dela oraindik «aski ezaguna» azaldu du, atsekabez: «Lehen urrats bat da erakusketa hau, mugarri baten hasiera. Eta esan beharra dago: emakumeek irauli dute arkeologia azken hamarkadetan eta historian aldaketa nabaria ekarri dute. Horietako asko gipuzkoarrak dira, gainera».
Orotara, 120dik gora arkeologoren izen eta lanak bildu dituzte erakusketan, eta objektuei erreparatuta ere 100dik gora jaso dituzte. «Denetik dago: argazkiak, dokumentazioa, objektuak, emakumeen elkarrizketak, ikus-entzunezkoak…», erantsi du Goenagak.
Besteak beste, Mertxe Urteagaren lana txalotu du Goenagak bisitan zehar, hura izan baitzen, besteak beste, Oiasso hiri erromatarraren portua deskubritu zuena. «Bere lana funtsezkoa izan zen berresteko erromatarrak hemen izan zirela. Ordura arte hemen bakarrik historiaurrea ikertzen zen. Esaten zen hemen ez zirela erromatarrak egon, eta Mertxek historia irauli zuen», zehaztu du.
Urteagaz gain, beste emakume askoren artean, Amaia Arranzen lanari ere balioa eman dio Goenagak bisitan zehar, eta harentzako espresuki jarritako bitrina gertutik begiratuz, honakoa esan du: «Hark demostratu zuen ogia ez zela nekazarien garaian egiten hasi ziren gauza bat, aurrekoa baizik! Ehiztari-biltzaileek ere ogia egiten zutela demostratu zuen bere aurkikuntzekin, ikaragarria da. Mundu osotik deitzen diote gaur egun hari kontsultak egiteko».
Lehen solairuko ezkerreko aretoan ekingo diote herritarrek bisitari. Dokumentazio guztia kontsulta daiteke areto horretan, kronologikoki jaso baitute 1903tik emakume gipuzkoarrek egindako guztia.
Errenteria-Oreretan hasiko dute bidea bisitariek. 1903ko argazki bat ikus daiteke lehen panelean, Aitzbitarteko haitzuloetako indusketa lanetan lehen aldiz emakume talde bat aritu zenekoa Gipuzkoan. «Aitzurrarekin ikusten dira emakumeak, lanean! Eta ez historiak maiz kontatu digun bezala».
Lehen pauso haietatik hasita, Goenagak esan bezala, «ttirriki-ttarraka», merezitako txokoa egin zuten emakume arkeologoek. Horren erakusle argiak dira 1970eko eta 1980ko hamarkadetan bertako eskualdeetan egindako bi indusketa proiektu. 1972an, Irungo Ama Xantalengo nekropoli erromatarra deskubritu zuten eta lan horietan gehienak emakumeak izan ziren. Handik hamarkada batera, 1983an hain zuzen ere, emakumeen presentzia nagusia izan zuen lehen indusketa egin zuten, bertan ere bai, Oiartzunen. «Arkaleko Erdi Aroko gotorlekuko hondeaketetan emakumeak izan ziren gehienbat, nagusiki gainera», erantsi du Goenagak, orduko argazkia gertutik begiratuz. Orduko hartan zuzendaritza taldean ere emakumeek garrantzi handia izan zutela azaldu du eta bertan ere, besteak beste, aritu zela Urteaga.
Erakusketaren bigarren zatia goiko solairuan aurki daiteke, erakusketa areto nagusian. Bertan lur azpitik ateratako objektuak jaso dituzte, bitxi bezain ikusgarriak: ontziak, lanabesak, harriak…. «Hemen [lanean ikusten diren esku batzuk seinalatuz] emakumeen eskuak ikusten ditugu, baina ez ditugu haien aurpegiak ikusten. Hori iraultzen ari gara erakusketa honekin».
Edukiz handia bada ere, Goenagarentzat motz geratu da erakusketa: «Erakusketa honek beste hamar emango lituzke, emakume bakoitzarekin erakusketa handi bat egin baitaiteke. Ez dago hainbeste lanerako kabidarik hemen, hainbeste talenturako lekurik ez dugu», erantsi du.
Ogibidea profesionalizatzen
Jauzi handia eman du arkeologiak azken hamarkadetan, baina 1903tik gaurdainoko bidea ez da erraza izan, hori berretsi dute lehen eskutik erakusketaren protagonista guztiek. Goenagak kontatu du orain dela hamarkada gutxi batzuk arte ez zutela profesionalki egiten lan. Aitortu du garai batean oporretan edo aisia tarteak zituzten uneetan egin behar izaten zituztela indusketa lanak, baliabide faltagatik.
Orain, ordea, modu profesionalean dihardute arkeologoek, eta hori ere, emakumeei esker izan dela nabarmendu du Goenagak. «Azken hamarkadetan emakumeek profesionalizatu dute arkeologia, eta haiei esker diziplina asko lantzen hasi ziren gurean. Esaterako, hiri arkeologian hasi ziren buru-belarri Urteaga eta asko. Honaino iristea emakumeei esker izan da, zalantzarik gabe».
Erakusketa ikusi nahi dutenek aukera zabala izango dute, 2024ko martxoaren 31ra bitarte zabalik izango baita. Informazio eta xehetasun gehiago, webgune honetan.