Hitzen Lihoa zikloko gaurko saioa beranduxeago hasiko da
'Utopia: espekulazio-ariketak' emanaldia taularatuko dute Harkaitz Cano eta Lorea Agirrek. Mugimendu feministaren mobilizazioa bukatzean hasiko da.
Hitzen Lihoa kultur zikloarena da asteburu hau, eta horren harira, gaur Utopia: espekulazio-ariketak saioa programatuta dago.
Hasiera-ordua 18:30ean izango zen hasiera batean, baina Hitzen Lihoa antolatzen dutenek jakinarazi dutenez, pixka bat atzeratuko da.
Izan ere, herriko mugimendu feministak deialdia egin du ordu horretarako, Lizarrako Mateo haurra bere aitak Urbasan hil zuela salatzeko. Elkarretaratzea egingo dute 18:30ean hasita, Done Eztebe plazan.
Mobilizazioarekin bat egin dute antolatzaileek, eta ondoren hasiko da emanaldia. Landetxeko auditorioan izango da. Lorea Agirre eta Harkaitz Cano solasean jarriko dituzte, utopiari buruz, Oier Guillanek gidatutako saioan.
Bertara joateko gonbidapenak —doan izango da— hartu beharko dira, udalaren sarreren webgunean eskuratuta.
